GARA > Idatzia > Ekonomia

«Eskualdearen eta lanpostuen alde ari garela agerian utzi nahi dugu»

p025_f01_097x208.jpg

Patxiku Irisarri
Etxalarko alkatea

Patxiku Irisarri Etxalarko alkateak Bortziriak eta Malerreka eskualdeek bizi duten krisi larriari aurre egiteko udalek ere esku hartu behar dutela nabarmentzen du. Eta inguru horretan enpresen itxierak eta langileen kaleratzeak herritarren bizimodua aldatzen ari direla ikusita, plan industrial bat eskatzeko lanuztea deitu du gaur Etxalarreko udalak, Berako eta Arantzako udalekin batera.

Pablo RUIZ DE ARETXABALETA

Bera, Etxalar eta Arantzako alkateek bi orduko lanuztea iragarr dute gaurko Bortziriak eta Malerreka eskualdeetan, bertako herrietan izaten ari den lanpostu galeraren eta enpresa itxieren aurrean plan industriala eskatzeko. Biztanleria aktiboaren %14,8 langabezian dago. Enpleguaren erregulazio espedienteren (ERE) baten eraginpean daudenak gehituz gero, %40 dira. Horren ondorioz, herritarren eguneroko bizimodua ere aldatzen ari da. Patxiku Irisarri Etxalarko alkatearen ustez, udalek ere arazo horretan esku hartu behar dute, sektore publikoa ere krisi larrian sartzen ari delako.

Zergatik erabaki zenuten lanuztera deitzea?

Martxoaren hasieran eskualdean gainbehera bat izan zen. Funveran izandako espedienteen ondoren, 47 kaleratuekin, animoak nahiko apal zeuden eta tentsio puntu bat mantendu egin behar zela ikusi genuen, batez ere hurrengo bi hiletan eskualdeko fabriketan berriz EREak izango direlako, eta batzuetan kaleratzeak ere bai, ziur aski. Ikusten genuen tensio puntu hori falta zela eta hori nolabait kalean agertu behar zela.

Zein da eskualdeko egoera?

Gaur egun badaude 1.189 langabe, eta orain dela hiru urte 500 ziren. Populazio aktiboa 8.000 lagun dira eta, orotara, 23.000 dira Baztan-Malerreka-Bidasoako biztanleak. Nahiko egoera kaskarra da. Hortik aparte, enpresa handienak ia guztiek ezarri dute EREa. 2.000 lagun inguru daude horien eraginpean. Ez dira langabezia zerrendetan agertzen, baina langabezia kontsumitzen ari dira. Batzuk jada hirugarrenean sartuko dira eta langabezia bukatuko zaie. Langile batzuk oso egoera kaskarrean geratuko dira. Lau egunetan egiten dute lan, eta hurrengo hogeiak ez dituzte kobratuko, langabezia bukatu zaielako.

Nafarroan orokorrean den egoera baino larriagoa al da?

Sakanarekin batera geu gara inguru kaltetuena, bai Sakanan, bai Bortziriak-Malerrekan, enpresak metalgintzari lotuak direlako. Gainera, krisiak arlo guztiak kolpatu ditu. Hirugarren sektoreak eta autonomoek eta horrelakoek ere kristoren jipoia hartu dutela ikusten genuen. Gero, zer esanik ez, nekazaritzak ere badu pisu dexentea eta krisia hor egiturazkoa da.

Eskualdeko ezker abertzaleak aipatu du ez dela kasualitatea inguru horretan krisia larriagoa izatea.

Eremu euskalduna da eta enpresa batzuk ixten eta beste batzuk EREak ezarten ari dira. Ez dakit kasualitatea den ala ez den. Kontua da hori dela errealitatea.

Egoera larri hori familia guztietara iritsiko da.

Bai, denek ezagutzen ditugu, edo gure familietan ditugu kaleratuak edo EREan daudenak. Horrekin bizitzen ari gara, horrek ekartzen duen guztiarekin. Azken hiru urteetan herritarren bizimodua aldatzen ari da eta ikusten da gizartearen gainbehera nabarmena ere.

Zertan ari da aldatzen bizimodu hori?

Ostatuetako giroan, adibidez. Lehen, ostiraletan, jendea ateratzen zen, eta orain ez. Lana bazegoen nahi baino gehiago, eta horrek ematen zuen segurtasun puntu bat. Jendea sartzen zen etxebizitza bat edo auto handiago bat erosten. Burbuila baten barruan geunden, eta jendea lehengo optimismotik pasatu da etxeko zuloan sartuta egotera.

Ohikoa da grebak sindikatuek deitzea. Dei hori zergatik egin dute kasu honetan udalek?

Joan den urtean ere Arantza, Bera eta Etxalarreko alkateek deitu egin genuen manifestazio batera, «Ez gaitezen engaina. Sistema bera da balio ez duena» lemarekin. Krisian daude instituzioak ere, sistema kapitalista honen barruan daudelako. Udalerrien diru sarrerak ere gelditu dira, eta udalak ere krisi ekonomiko baten aurrean gaude. Horrek ekartzen du biztanleentzako zerbitzuak ere murriztea. Azkenean ez dago dirurik. Arlo pribatua krisian baldin badago arlo publikoa ere krisian dago. Estatu espainolean zor handiena zuten 80 udaletatik hogei nafarrak dira. Nahiko larri daude udal guztiak. Inbertsio handiei ekinez gero, gero urtero-urtero mantendu egin behar dira eta horrek porrotera eraman dezake udala.

Gaurko deialdiak zer-nolako erantzuna izatea espero duzue?

Hasiera batean ELA gure planteamenduekin ados bazen ere, azken momentuan erran du ez duela babestuko lanuzte hau. Aipatzen zuen nolabait injerentzia bat zela gure jarrera. Baina gure ustez, lagundu nahi izatea da, eta gizarteko kolektibitate kontzientzia hori piztuta egotea da. Bada sindikatuen lana, baina sektore publikoa ere krisian dago eta hori ere agerian utzi nahi dugu. Emaitza baino gehiago agerian utzi nahi duguna da mezua; gure eskualdearen defentsan ari garela, bere lanpostuen defentsan eta sektore publikoaren defentsan ari garela.

«Etorri nahi badute, lurzorua izango dute»

Zeintzuk dira zuen eskaerak?

Enplegua sortzeko plan bat eskatzen genuen. Lan sailburuari aipatu genion Nafarroako Gobernuak egin duenez Pirinioetako plan bat, Pirinioetako herriak berpizteko eta horretan dirua jarriz, gauza bera egiteko gure inguruan, plan industrial bat. Hori joan den urtean eskatu genion eta ez dugu erantzunik jaso. Berak aipatzen du gure laguntza behar duela eta guk lurrak jarri behar ditugula industriak gure eskualdera etortzeko. Gure aldetik, hor ez dago arazorik. Eginen dugu gure eskualdeko eremu industrialen inbentarioa eta bidaliko diogu. Alde horretatik enpresek gure eskualdera etorri nahi baldin badute izanen dituzte lurrak. Beste gauza inportantea da lurrak ez birkalifikatzea. Baten bati bururatuko zaio enpresak hemendik alde egiten badu berkalifikatzea eta gero etxebizitzak saltzea. Guk eskatzen dugu industria-lur sailkapena duenak horrela segi dezala, beste industriak etortzeko.

Joan den asteartean Jose Maria Roig Enpresa eta Lan sailburuarekin elkartu zineten. Zein izan zen erantzuna?

Ez digu ezer berririk jarri mahai gainean. Egin duena da berak zituen datuak guri erran -guk ere bagenekizkien-, eta gure eskualdeko argazki bat egin, baina hortik harago ez da joan. Beti aipatzen du industriak sortzeko eremuak behar direla eta gure alderdian gutxi dira. Egia da lur gutxi dela, baina beraiek eremu handiak nahi dituzte eta guk esan diogu industrialde txikiak sortzeko badaudela herri batean baino gehiagotan horrelako proiektuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo