Antonio Montoro Mundubat GKEko ordezkaritza Bolivian
Boliviari begirada hauteskundeen ondoren
Evo Morales erabakigarria izan da, lidergo politiko soila gainditu eta ikono eztabaidaezin bihurtu delako
Apirilaren 4an, Boliviak Latinoamerikan deszentralizazio autonomikorako garatutako prozesu zailena jarri zuen abian. Latinoamerikan, hain zuzen ere, estatu zentralistak dira nagusi eta, bere historia demokratiko laburrean, Andeetako nazioan ere gauza bera gertatu da.
Prozesu horretan, departamentu, udal, eskualde eta indigenen autonomiak eratuko direnez, zailtasunez kudeatuko den mapa administratiboa sortuko da eta, hurrengo mende laurdenari begira, Boliviako erronka politiko nagusia izango da.
Hori dela eta, interpretazio grinatsuetatik ihesi, ezinbestekoa da emaitzak ahalik eta modu objektiboenean aztertzea. Horretarako, apirilaren 4ko adierazpen demokratikoaren azalpena egituratzen duten bost ardatz hartu behar dira kontuan.
Batetik, badirudi MAS Sozialismorako Mugimendua alderdiak nazio-mailan daukan herri-proiektua sendotu dela. Herrialdeko bederatzi departamentuetatik seitan irabazi duenez, eta askotan gehiengo handiak lortu dituenez, Gobernuko alderdia gaur egungo Boliviako errealitate erabakigarriena da. Gainera, denborari begira proiekzioa duenez, gutxienez hurrengo hamarkadan izango omen da liderra.
Era berean, autonomizazioa gertatuko da gizarte-mugimenduei dagokienez. Agerikoa da alderdiak gero eta zeresan handiagoa duela osagai dituen gizarte-mugimendu eta erakundeen aldean. Prozesu horretan, Evo Morales erabakigarria izan da, lidergo politiko soila gainditu eta ikono eztabaidaezin bihurtu delako. Bestetik, betiko ezker marxistako ordezkari Garcia Linera presidenteordeak zuzendutako botere-blokea eratu da MASen bertan. Horren ondorioz, bere lerro teorikoak ari dira MASen proiektu politikoa zehazten.
Horrez gain, MAS nagusi da landa-ingurunean eta nolabaiteko ahulezia du hiri-ingurunean. Hauteskundeetako emaitzen arabera, argi eta garbi dago landa-ingurunea indar masistaren gunea dela eta, bertan, alderdiak erabateko gehiengo eztabaidaezina duela. Edonola ere, nahiz eta bi hiritan, La Pazen eta Oruron, eta neurri txikiagoan El Alton, MASek irabaziko zuela aurreikusi, MASen antzinako aliatua izandako Beldurrik Gabeko Mugimendua (MSM) izan da garaile. Izan ere, MASen eta indigenen zein nekazarien erakundeen unibertso sinbolikotik aldendutako ezker hiritarraren ordezkaria da.
Nabarmendu egin behar da aukera politiko nazionalak sortu direla. MASen proiektu hegemonikoak tokian tokitik lurralde nazionalean agerikotasuna lortu duten indarrekin egin du talka: MSMrekin eta UN Batasun Nazionalarekin. Dena dela, oraingoz, nekez kenduko diote botere zentrala. MSMk MASekin zeukan ituna haustean eta oso emaitza onak lortzean, argi eta garbi dago MASek ez duela bere proiektu hegemonikoa bideratzerik, ezkerreko beste sektore batzuekin hitzarmenak eta adostasunak lortzen ez baditu. Era berean, MASek gertatutakoari buruz hausnartu behar du, indarra non daukan zehazteko: alderdian, gizarte-erakundeetan edo Moralesengan.
Azkenik, egiaztatu egin da oposizio kontserbadorea Santa Cruzen eta Benin sendotu dela. MASek tradizioz herrialdeko sektore kontserbadoreenekin lotuta egon den Pandoko departamentuan irabazi badu ere, eskuineko oposizioak bere indarra sendotu du Santa Cruz eta Beniko departamentuetan. Bertako hauteskunde-babesa, gainera, egonkorra da, %50tik gorako ehunekoetan dagoelako. Hori dela eta, gatazkak sortuko dira, indar politiko horiek lurraren jabetzan eta esportaziorako nekazaritza-industrian oinarritutako botere ekonomikoaren hauteskunde-adierazpena direlako. Elementu hori, gainera, alderantzikatu egin behar da, gizarte-eraldaketetarako prozesua sakontzeko eta indigenek zein nekazariek baliabideak eskuratzeko.