GARA > Idatzia > Euskal Herria

Memoria berreskuratzeko elkartzera deitu dute Donostian

Euskal Memoria Fundazioak Euskal Herriko historia eta memoria kolektiboa berreskuratzeko boluntario sarea osatzera dei egin zuen atzo. Tartean, Iñaki Egañak eta Itziar Aizpuruak «manipulazio» eta «gezurretan oinarrituriko historiarekin amaitzeko» beharra nabarmendu zuten. Lan horretan tresna izango den webgunea aurkeztu zuten.

p011_f0256791.jpg

Janire ARRONDO

Duela bost hilabete inguru hasi zuen bere bidea Euskal Memoria Fundazioak Iruñean. Ordutik boluntario sarea osatzen aritu dira, herriz herri eta auzoz auzo egitasmoa ezagutarazten eta Euskal Herriaren historia zein memoria kolektiboaren berreskurapenean jarduteko. Atzo, Fundazioko lehendakari Iñaki Egañak, gainerako kide Itziar Aizpurua, Arantxa Erasun, Itziar Galardi eta Txarli Gonzalez Llorenterekin batera, egitasmo honetako zubi eta leiho lanak egingo dituen webgunea aurkeztu zuten. Hain zuzen ere, atari berria memoriaren berreskuratze lanetan osatzeko asmoa duten boluntario sareen «bilgune» izatea nahi dute, eta euren lanari eta egitasmoei buruzko informazioa zabaltzeko gune.

Iñaki Egaña historialariak azaldu zuenez, azken hilabeteotan «ahalegin berezia» egiten ari dira atxikimenduak biltzeko. Zehazki, 6.000 atxikipen lortzea dute helburua, «nahiz eta, gehiago edo gutxiago izan, berdin lan egin daitekeen».

Azkenaldian «memoria», «historia» eta «transmisioa» kontzeptuak politikaren «erakusleihoan» eta «gizartearen interesean» pil-pilean dabiltzala azpimarratu zuen Egañak. «Baina hau guretzat ez da ezer berria», zioen. Izan ere, benetan «kezkatzen» dituena Euskal Herria «ukatzea» da. Azken 100 urteotan, ukatze horrek euskal memoriaren transmisioa oztopatzen duela salatu zuen, eta ondorioz «gure existentzia bera» ukatzen. Era berean, Egañak euskal gizartea «doktrinatu» egin nahi dutela ohartarazi zuen, «historia ofiziala» bide hartuta. «Manipulatu egin nahi gaituzte eta horren adibide dira ekainaren 27a `terrorismoaren biktimen eguna' izendatu izana edo azaroaren 10a `EAEko biktimen egun' izendatzeko proposamena». Hain justu ere, azken egun horren gainean, Rodolfo Ares Lakuako Barne sailburuak data hori «egun horretan atentatu terroristarik izan ez delako» hautatu zutela esan zuen; Egañak, baina, frankismo garaian behintzat, egun horretan 16 euskaldun erailak izan zirela oroitarazi zuen.

«Eraso ideologiko horren helburua Euskal Herriaren jatorria eta izana ezeztatzea da», esan zuen Itziar Aizpuruak. Horregatik, «herriak bizi izandakoa» kontatu eta jasotzearen beharra azpimarratu zuen berak. Aizpuruak azaldu zuenez, «gordintasun osoan kontatuko ditugu bizipenak, baina ez da faltako inoiz behar den maitasun eta duintasuna».

Hala, herritarra memoria horren «subjektu» izateko beharra aipatu zuen eta, bide horretan, Estatuen «gezurrak» agerian utziko dituztela. Beraz, egiteko horretarako tresna boluntario sarea izango da. Aizpuruak mezu argia bidali zion euskal gizarteari: «Egiak egingo gaitu libre. Beraz, bakoitzak, ahal duen neurrian, duena eman behar du».

euskalmemoria.com

Euskal Memoria Fundazioak aurkeztu berri duen ataria udarako «biziago» eta «osatuagoa» izatea espero dute. Horretarako bertan parte hartzera deitu dute.

Frankismoaren inpunitatea salatu du Ahaztuak-ek Bilbon

Ahaztuak 1936-1977 Elkarteak elkarretaratzea egin zuen atzo Bilboko Ogasun Ordezkaritzaren eraikinaren aurrean «Inpunitate orori ez!. No a toda la impunidad!» zioen pankartaren atzean. Bertan, eraikinaren aurreko aldean den armarri frankistarekin, «era grafikoan» salatu zuten egun erregimen frankistak, orduko krimenak eta haien arduradunek duten «inpunitatea».

Bertan, «Inpunitateak baditu milaka aurpegi» goiburua izango duen kanpainaren aurkezpena egin zuten. Ahaztuak Elkarteko kide Martxelo Alvarezek jakinarazi zuenez «krimen frankisten inpunitatea» eta «horien biktimei egiten zaien ukazioa» salatu nahi dute. Era berean, eztabaida hori gizarteratzea dutela asmo agertu zuen. Gainera, «inpunitate eredu» hori egun «frankismoaren aurkakoak» omen diren instituzio eta politikoek sortu dutela salatu zuten. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo