GARA > Idatzia > Mundua

Klimaren Nazioarteko Auzitegia eratu nahi du Cochabambako goi-bilerak

Boliviako Cochabamban astean izandako goi bilerak hainbat ebazpen onartu ditu, horien artean zigorrak ezartzeko ahalmena izango duen Klimaren Nazioarteko Auzitegia eratzea. Mundu osoan ingurumenaren auziari buruzko erreferenduma antolatzea ere aurreikusi dute.

GARA

Hitzetatik ekintzetara. Hori da gakoa. Klimaren Nazioarteko Auzitegi bat eratzearen alde azaldu dira Boliviako Cochabamban azken egunotan izan den goi-bileran. «Ingurumena babesteko nazioartean sinatutako akordio eta protokoloak betetzen ez dituzten estatu, entrepresa edota pertsona oro zigortzeko gai izan beharko luke auzitegi honek», azaldu zuen Evo Morales Boliviako presidente eta gailurraren antolatzaileak prentsa aurrean.

Ez da hori izan goi-bileran hartu duten erabaki bakarra. Izan ere, ingurumenari buruzko erreferendum bat antolatzea ere aurreikusi du, Tiquipaya hirian, «loreen hiria» izenez ere ezagutzen den hirian, 30.000 partaide bilduz hiru egunez egindako gailurrak. Kontsulta honen nondik norakoak oraindik zehazteke daude, baina kasua kasu, gobernuek, giza mugimenduek, sindikatuek edota gobernuz kanpoko erakundeek antolatu ahal izango dute. Gailurraren ondorioetan azaltzen denez, 2.000 milioi pertsona inguruk bozkatu ahal izatea posible da, hau da, bozkatzeko adina dutenen erdiak gutxi gorabehera.

Galdeketa horretan hainbat gai jarriko lituzkete mahai-gainean: produkzio eta kontsumo erraldoian oinarritzen den sistema bertan behera uztea, gerrarako erabiltzen den aurrekontua Lurraren defentsarako erabiltzea, eta aipatutako Klimaren Nazioarteko Auzitegiaren sorrera baimentzea, besteak beste.

Cochabambako goi-bilerak erreferendum hori bultzatzeko batzordea eratu du, eta horren iritziz, 2012an egiteko aukera legoke.

Bide batez, Morales presidenteak «Ama Lurra» defendatzeko Nazioarteko Mugimenduaren sorrera iragarri zuen.

«Une honetan, giza eskubideak barik, garrantzi handiagoa du Ama Lurraren eskubideak defendatzea, industrializazio basatiak planeta suntsitzen badu, gizakirik ez delako geratuko», ohartarazi zuen Moralesek.

Paradigma berria

Historiari begira, Berlingo Harresia erori ondoren sozialistak noraezean geratu zirela azaldu zuen, baina Tiquipayatik «munduko herriek bide berria seinalatu dute, Lurraren eskubideen aldekoa».

Gailurraren amaieran parte hartzeko bertaratu zen Hugo Chavez Venezuelako presidentea, eta ideia horrekin bat etorri zen. «Klimaren arazoa konpondu nahi badugu, sistema aldatu dezagun, kapitalismoak giza espeziearen hondamena dakarrelako». Cochabambako gailurra Kopenhageko «guduaren jarraipena» dela gaineratu zuen venezuelar agintariak.

etxean nahiko lan

Nikaraguako eta Paraguaiko presidenteak ez ziren gailurrera iritsi. Managuan ez da giro eta Fernando Lugo paraguaitarrak salbuespen egoera ezarri du iparraldean, lau hildako izan eta gero, EPP gerrillari egotzi dioten eraso baten ondorioz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo