Sermond's taldeak punk rock sutsu eta beroaz jaurti du ŤAzken balať lehenengo diskoan
Punk-rock musikan oinarritutako kantuak bildu ditu Sermond's taldeak «Azken bala» estudioko lehen disko luzean. Lan osoan zehar, gitarra beroak nagusitzen dira, zuzenekora begira egindako zortzi abestietan.
Koldo OTAMENDI | DONOSTIA
Ustezko krisi diskografikoaren gainetik, ehunka lan kaleratzen dira urtean zehar Euskal Herrian. Ohiko diskoetxe ezagunetatik at ere, ugariak dira argitara ematen diren disko eta maketak, autogestioaren bidezidor malkartsuetatik bidea eginez musika eszenan toki bat aurkitu nahian. Talde ezagunen diskoen aurkezpenek edota eguneroko albisteek, askotan bigarren plano batera eramaten dituzte talde hasiberri eta gazteak, euskal eszenako errealitate garrantzitsu bat ezkutatuz. Sermond`s taldea izan daiteke esandakoaren adibideetariko bat.
Sermond's taldea 2004an sortu zen Elorrioko entsegu lokaletan, talde ezberdinetan ari ziren zenbait musikari batu zirenean, talde berri bat osatzeko. Lehen saiakera horrek hilabete batzuk baino ez zuen iraun, taldearen izena erabaki, eta entsegu batzuetara mugatu zelarik garai hartako ibilera. 2008ko apirilean taldea lozorrotik esnatu, eta musikari berriak sartzearekin batera, Sermond's egun argitara atera zen, bizirik eta indarberriturik. Gaur egungo taldea boskote modura eratuta dago, eta tartean Kuntur, Midnight Murders, Dirties eta Arto Bixarra taldeetan ibilitako kideak topatuko ditugu musika tresnak astintzen. Punk rock musika taldearen zutabe nagusia izaki, gitarretan oinarritzen dute predikatzaileek musika jarduera. «Azken bala» diskoan punk rock azkarra eta beroa topa daiteke bereziki, nahiz eta kantu lasaiagoak ere lekua baduten taldearen musika unibertsoan.
Euskara eta ingelesa
Taldearen iraupen luzeko lehen diskoan, euskara eta ingelesa erabiltzen dituzte abestien hitzetan. Lehena, taldekideen ama hizkuntza. Bigarrena, rock&rollaren hizkuntza. Batean zein bestean bikain moldatzen dira taldekideak, eta bi hizkuntzetan naturaltasunez aritzen dira, adierazgarritasun eta ahoskera bikainez.
«Azken bala» diskoko zortzi kantuak dira zuzeneko emanaldien oinarri nagusia, eta horiekin batera hasierako zenbait abestik eta atzerriko punk-rock taldeen bertsioek osatzen dute zuzeneko kantu zerrenda. Alta, taldea ez da geldirik egon azken hilabeteetan, eta hurrengo diskoa izatea nahi duten horren prestaketa lanetan buru-belarri dabiltza entsegu lokalean. Dagoeneko, zenbait kantu eginak dituzte, eta laster kantu bilakatuko diren zenbait zirriborroz disko berria grabatzeko asmoa dute udara honetan.
Sermond's taldearen musika proposamena punk rock doinuetan oinarritzen da nagusiki. Taldearen zuzeneko emanaldiak beroak eta sutsuak izan ohi dira, agertoki gaineko jarrerak musika transmisioa errazten duelarik.
Taldea: Sermond´s.
Diskoa: «Azken Bala».
Diskoetxea: Auto-ekoizpena.
Kantu kopurua: Hamar.
Sarean: www.myspace.com/sermonds.