Eszenak
Antzokietatik kalera jauzi egingo du antzerkiak bihar Usurbilen
GARA | USURBIL
Txerriki antzerki taldeak eta Usurbilgo Udalak elkarlanean antolatutako egunean, «adin eta gustu ezberdinetako herritarren interesetara hurbiltzen» saiatu dira, antolatzaileen esanetan.
Aurtengo ekitaldian Euskal Herriko herrialdeetako esperientziak izango dira ikusgai Usurbilen. Lapurdi, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lanak antzeztuko dira. Goizeko hamabietan hasi eta goizaldera arte, Alde Zaharreko kaleetan zehar, eguneroko bizimodua eta antzerkia gurutzatuko dira. Antolatzaileen aldetik, herriko kaleak antzerkiari irekitzeko deialdia egin zuten. «Usurbilen antzerki lan ederrak ikusteko ohitura» dagoela aipatu zuen Nerea Eraunzetamurgil Usurbilgo Kultura zinegotziak, baina Kale Antzerki Egunean «antzerkia antzokitik ateratzen dugu, paseoan, erosketak egiten edota besterik gabe hor dagoen jendeari eskainiz».