Enkarterri, krisiaz haragoko egoera larria jasaten duen eskualdea, lo-herri bihurtzeko bidean
Krisi ekonomikoaren ondorioek gogor astindu dituzte Euskal Herriko bazter guztiak; hala ere, zenbait eskualdetan ondorio horiek modu bereziki gordinean nabaritu dituzte. Enkarterri da horietako bat. Egoera kezkagarria da bertakoa, LAB eta EHNE sindikatuek atzo salatu zutenez. Egoera benetan larria, sektore guztiak arrisku bizian jarri dituena: industria, nekazaritza eta abeltzaintza eta merkataritza txikia. Egoera horretan ez da bitxia gertatzen, baina bai asaldatzeko modukoa, hango langabe kopurua Bizkaiko batez bestekoa baino askoz handiagoa izatea. Ukaezina da krisiaren eragina egoera horretan, baina horren gogor jo izana ezin zaio krisiari bakarrik egotzi, krisiaz haragoko kausa bati baizik, egiturazko kausa bati, alegia; nekazaritzak eta abeltzaintzak behea jotzea, esate baterako, ez da krisiaren ondorioa, abeltzain eta nekazariak ekoizteko baldintza gero eta kaskarragoak dituztelako baizik, eta instituzioen apustua ez delako haren aldekoa, espekulazioaren aldekoa baizik. Izan ere, eskaintzen duten alternatiba eskualdea etxebizitzaz betetzea da, eta ez bertako bizilagunek beharrak asetzeko, jakina. Aitzitik, haien behar nagusia bertako jarduera ekonomikoak berpiztea da-eta.