Langile Ikastolaren proiektua defendatzeko kalera irtengo dira bihar Hernanin
Pozik agertu ziren atzo Hernaniko Langile Ikastolakoak Gasteizko Legebiltzarraren babesa jaso ondoren. Hala ere, 12-18 urteko ikasleak zentro bakarrean biltzeko erabakia Lakuaren esku dagoela gogorarazi zuten.
GARA | HERNANI
Hernanin 12 eta 18 urte bitarteko ikasleak zentro bakar batean bateratzeko asmoz Lakuako Hezkuntza Saila lanean hasi zenetik, bigarrenez agertu dira prentsaren aurrean Langile Ikastolako guraso eta irakasleak.
Zentro bateratu bat sortzeko asmoaren berri izan zutenetik, euren hezkuntza proiektua garatzen uzteko eskaria egin dute behin eta berriz, eta hainbat instituziotara ere jo dute babes eske. Tartean, Langile Ikastolako ikas komunitatea Gasteizko Legebiltzarrean izan zen euren arazoaren gaineko «irtenbide egokia» eskatuz. Bertan, euren proiektuak eta eskakizunak «osoko babesa» jaso zuela gogorarazi zuten. Hain justu ere, EAJ, EA, Aralar, Ezker Batua eta PPk babestu zuten Langile Ikastolaren hezkuntza proiektua; hala ere, gobernu taldeak eta UPyDk ez zuten proposamena babestu.
Hain zuzen ere, Lakuako Hezkuntza Sailak Hernaniko 12 eta 18 urte bitarteko ikasle guztiak zentro bakar batean biltzeko erabakiaren harira sortu zen iskanbila Langile Ikastolan. Bertako irakasle zein gurasoek salatu zutenez, ikastetxe berri horrek zein irizpide izango dituen behar bezala zehaztu gabe dago, eta soilik alor ekonomikoa lehenetsi du Hezkuntza Sailak. Izan ere, herriko ikastetxe publikoek oso hezkuntza proiektu ezberdinak dituztela diote Langilekoek.
Horregatik, euren hezkuntza proiektua garatzen uzteko eskaera egin dute azken hilabete hauetan, eta Gasteizko legebiltzarkideek erakutsitako babesak «indartu egin du Langile Ikastolako komunitatea etengabe esaten ari dena», atzo azaldu zutenez. Ikastolaren ordezkari gisa Kristiñe Lujanbio eta Urtzi Errazkin gurasoek azaldu zutenez, «Langile Ikastolak proiektu singularra du, proiektu berritzailea, ondoratu egingo dena Derrigorrezko Hezkuntzako prozesu osoa zatituta eramangarria izango ez delako».
Era berean, Gasteizko Legebiltzarraren babesa jaso arren, jakitun dira behin betiko erabakia Hezkuntza Sailak hartuko duela. Horregatik, euren aldarrikapen eta nahiak ez direla «batere» aldatu argitu zuten Lujanbio eta Errazkinek, eta erabakia «birplantea» dezala eskatu zioten, beste behin ere, Lakuari.
Hernanin hezkuntza proiektu «ezberdinak» egotea onuragarria dela defendatzen dute Langilekoek; «herri honetan bi hezkuntza proiekturako lekua dagoela uste dugu» zioten. «Berrikuntza» ere «leku guztietan» entzuten den kontzeptua dela zioten, eta azpimarratu zuten euren ikastolan 40 urte daramatzatela, sortu zenetik, «berrikuntzan murgilduta».
Langile Ikastolan ahotan izan duten beste gai bat azpiegitura eskasiarena da. Hala ere, azpiegitura horiek «behar-beharrezkoak» direla zioten eta «berdin konpondu beharko dira Langile Ikastola prozesuan barne zein kanpo geratu».
Gauzak horrela, bihar aldarrikapen eta festa ekitaldia egingo dute Plaza Berrian. Manifestazioa egingo dute, 12.00etan abiatuta, herriko kaleetan barrena, eta horren ondoren, bertsolari, pintxo eta sagardorik ez da bertan faltako.
PSE eta UPyD alderdiak izan ezik, Gasteizko Legebiltzarreko gainerako taldeek babesa agertu diote Hernaniko Langile Ikastolako hezkuntza proiektuari.
Bihar eguerdiko hamabietan Plaza Berritik abiatuta manifestazioa egingo dute, «Gure seme-alabak 12-16 Langile Ikastolan!» lelopean.