GARA > Idatzia > Euskal Herria

Altzok hartuko du, ekainaren 13an, Eskola Txikien festaren lekukoa

O.L. | DONOSTIA

«Eskola txikiak bizirik, herri txikiak bizirik» lelopean hartuko du Altzoko Imaz Bertsolaria eskolak, datorren ekainaren 13an, Eskola Txikien festa ospatzeko ardura. «1988. urteaz geroztik ospatzen den festa bat da, eta honen helburu bakarra 26 eskola txikiko haur, guraso eta irakasleek elkarrekin egun eder bat igarotzea da», adierazi zuen Izaskun Carrerak, Eskola Txikietako Guraso Elkarteetako lehendakariak.

Mikel Olanok, Santilazpiko Guraso Elkarteko lehendakariak zehaztu zuenez, Altzok 400 biztanle ditu, eta herriko eskolan 59 ume daude, geletako hamar irakasleez gain.

Txikitasunaren ildo horretatik, azpimarratu zuen ahalegin handia izan dela ekainaren 13ko festa antolatzea, eta bertan murgilduta daudela Udala, irakasleak, ikasleak, baita gurasoak ere: «Txikiak izanik, denon batura honek egiten gaitu handi», adierazi zuen.

Leloaren inguruan Olanok gaineratu zuen Imaz Bertsolaria eskolak, baita bere jarduerak ere, Altzo herria bizi-bizirik mantentzen duela, eta honenbestez, eskolek ematen dietela arnasa herriari.

«Hain globalizatuta dagoen mundu honetan -erantsi zuen-, gure seme-alabek nekazari kutsua eta naturarekin harreman zuzena duen herri batean hezi eta nortasuna finkatzeko aukera dute».

Eskola Txikien festak ekintza mordoa eskainiko ditu 10.30etik aurrera. Goizean haurrentzako jolasak izateaz gain, bazkalostean Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna izango da 16.30ean.

Arratsaldean, eta pailazoen emanaldiaren ostean, Lain musika taldearen eskutik kontzertua izango da, eta 20.30ean berriz, Jokin Sorozabal eta Jexux Mari Irazuk bertso saioa eskainiko dute.

Ekainaren 13an, eguraldi ona lagun izanik, Altzon 3.000 pertsona inguru biltzea espero dutela aipatu zuen Olanok, eta bide batez, bertaratzeko gonbita egin zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo