GARA > Idatzia > Ekonomia

Zubietako errauste plantak baserrietan izango duen kalteaz ohartarazi du EHNEk

p020_f02_091x100.jpg

O.L.

Zubietan hondakinak errausteko planta jartzeak inguruko baserrietan eragin kaltegarri bikoitza izango lukeela ohartarazi zuten atzo Iñaki Lazarobasterrek eta Eneritz Otamendik, Gipuzkoako EHNEko lehendakariak eta lehendakariordeak, hurrenez hurren. Atzo Lurraren Eguna zela-eta, arazo horien berri emateko prentsaurrekoa eman zuten Koldo Mitxelena Kulturunean.

Adierazi zutenez, Lurraren defentsaren alde egiterakoan «ezinbestekoa da» nekazaritzaren babesa indartzea eta zentzu horretan, Lurrari lotutako nekazaritzaren aldeko apustua egiten dutela ziurtatu zuten biek ala biek.

Baserritarron ikuspegitik salatu zuten bi aldiz izango direla kaltetuak. Lehenik, bertako eta Zubieta inguruko bizilagunen osasunean eragina izango duen neurrian; eta bestetik, erraustegiaren isuriek baserritarren jardueran ere eragina izango dutelako.

Hondakin erraustegiek, besteak beste, dioxina izeneko gaia isurtzen dute. Otamendiren hitzetan, dioxina horiek epe motzera landaredian, eta epe luzera lurrean metatzen dira. Gogorarazi zuen gainera, dioxinek minbiziaren sorreran duten eragina frogatuta dagoela ikerketa askoren bidez.

Beste isuri arriskutsuak metal astunak lirateke. Besteak beste, beruna edota merkurioa. «Hauek landaredian metatzeaz gain, bertan bazkatzen duten animaliek ere bertatik jatean, kaltetu egingo dira, eta ondorioz, elikagaien bitartez, gizakiongana iritsiko dira elementu hauek».

Lazarobasterren aburuz, Gipuzkoan azken urteetan asko izan dira Lurraren kontra egin diren erasoak, eta horien artean aipatu beharrekoa da Zubietako erraustegia. «EHNEk honen aurka egiten du ikusten dugulako inguruko bizilagunen osasunaren kontra egiteaz gain, baserriko aktibitateen kalterako ere izango dela», adierazi zuen. Gainera goraipatu zuen Usurbileko atez ateko bilketarekin «bermatuta» gelditu dela bestelako irtenbiderik badagoela.

«Erraustegia jarri nahi den zonaldean -jarraitu zuen Otamendik-, esan beharra dago baserri asko dagoela eta beraz, ugari direla bertatik bizi diren nekazariak. Ekoizpen mota aberatsa dago bertan: esnea eta esnekiak, haragiak, barazkiak, arrautzak, pipergintza, sagardogintza, oilaskoak, baratz ekologikoak, ahateak, artzaintza...eta hauek denak kaltetuak lirateke».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo