GARA > Idatzia > Ekonomia

LABek, Ipar Euskal Herrian sortu zenetik hamar urte beteko ditu maiatzaren 1ean

A.B.|

Ipar Euskal Hererian LAB sindikatua sortu zela hamar urte beteko dira ondoko maiatzaren lehenean. Kari horretara, urteurrena ospatzeko Hazparnera deitu ditu bere kideak sindikatuak. 2000ko maiatzaren lehenean egin zuen , hain zuzen ere, LABek bere lehen agerpena Baionako manifestaldian «jendarte zuzenaren alde» lemarekin. Dominika Dagerre sindikatu kideak adierazi zuenez, beraien nahia «sindikatu eredu berria» eta alternatiba sindikala sortzea izan zen, eta hamar urtez urratsak eman badira ere horretan jarraitzen dute gaur egun ere. «Oztopo asko izan ditugu, baina, proiektua ainitz aitzinatu da. Duela hamar urte sortu militantziari esker oinarri sendoa dugu gaur egun», argitu zuten sindikatu kideek. Gaur egun 500 bat kide biltzen ditu LABek Ipar Euskal Herrian, eta etorkizunari begira sindikatua handitzen jarraitzea nahi dute. «Gure xedea gehiago hedatzea, eta bereziki enpresa txikietan barnatzea da», esan zuten.

Egun bateko besta

Maiatzaren lehena, beraz, Hazparnen ospatuko du LABek. «Euskal Herriko alternatiba sindikala» lemapean, goizean manifestaldia eginen dute, eta ondotik hitzaldi eta herri bazkaria. Arratsaldeko bostak aldera, berriz, Ainhoa Etxaide idazkari nagusiarekin batera Estaturik gabeko herrien plataformako sindikatuak izango dira, hau da, Guadalupeko LKP eta UGTG, Korsikako STC, Bretainako SLB, Kataluniako Intersindical-CSC edo Martinikako UGTM.

«Hazparne izan da langileen borroka gune garrantzitsua zapatagintzako enpresekin 60-70 hamarkadan. Omenaldi antzeko bat egin nahi izan diegu eguna bertan antolatuz», goraipatu zuen, berriz Dagerrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo