Suziriaren eztandaz helduko dira sanprudentzioak Lazkaora
Suziriak 19.00etan Lazkaoko zerua zeharkatzearekin batera emango zaie hasiera sanprudentzioei. Gaurtik aurrera eta maiatzak 1a bitartean, lazkaotarrek ez ezik, bertaratzen den orok ere hamaika gauza egin eta gozatzeko parada izango du. Kirola, fanfarreak eta kontzertuak nagusituko dira, txikiek nahiz helduek gorputza nahi adina astintzeko.
GARA
Gaur helduko dira sanprudentzioak Lazkaora, eta horrekin batera, festa eta jai giroa nagusituko dira herriko kaleetan. Arratsaldeko zazpietan botako dute udaletxetik festei hasiera emateko suziria. Hortik aurrera, eta datorren maiatzak 1a bitartean, gozatzeko aukera zabala izango dute lazkaotarrek eta bertara gerturatuko diren festazale guztiek.
Suziria bota bezain laster, eta udaletxetik bertatik hasita, txikienak izango dira gozatzeko aukera izango duten lehenengoak. Ordiziako erraldoi eta buruhandien eskutik, umeak kaleetan gora eta behera ibiliko dira horiengandik ihesi, Jundajo fanfarreak musikaz giroa alaitzen duen bitartean.
Hurrengo ekitaldian ere musika izango da ardatz, oraingoan belarriak doinu leunez betetzeko. Gorlizko Lirain eta Lazkaoko Xanbe eta Kantaka abesbatzek emanaldia eskainiko dute San Migel parrokian, 20.00etan. Gauak, berriz, solte nahiz helduta, dantzatzeko izango dira.
Horretarako herriko plazan jarritako oholtzan hainbat talderen emanaldiak izango dira. Gaurko txanda Lazkaotxiki musika eskolak eta Kexa taldeak beteko dute, 23.00etan.
Mozorroen Eguna
Festetako bigarren eguna, biharkoa alegia, Mozorroen Eguna izango da. Egun honen harira aipagarria da, besteak beste, Clowntucada perkusio taldeak 20.00etatik aurrera herriko kaleetan zehar eskainiko duen musika emanaldia.
Euskal Herriko talde honen ezaugarri nagusietako bat da, hain zuzen ere, egiten duen musika mota; Clowntucadako kideek instrumentu ezberdinen bitartez erritmo afrikarrak eta latinoak uztartzen baitituzte. Berezitasunak ere badituzte janzkeran, pailazoz jantzita ateratzen baitira kalera euren emanaldiak ematera. «Oso giro polita eta animatua sortzen dute jende artean, perkusioak erritmo errazak ditu eta dantzara eramaten zaitu», aipatzen du Joseba Agudok, taldea sanprudentziotara eraman izanaren arduradunak.
Horrez gain, eta jai giroa are gehiago zabaltzeko helburuaz, Lazkaoko Udalak «mozorro topaketa» antolatu du ordu berean, hain zuzen, 20.00etan. Beraz, musikak eta mozorroek bat eginez, festa giroa ez da makala izango. Udalak jakinarazi duenez, gainera, Mozorro Eguna dela-eta, nahi duenak eskuragarri izango ditu mahaiak eta aulkiak udaletxeko arkupeetan bazkaria egiteko.
Eguna borobiltzea Drindots eta Lain taldeei egokituko zaie. 23.30ean herriko plazan aski ezagunak diren euskal talde hauek kontzertu bana eskainiko dute. Lehenengoek eskarmentu handia dute oholtza gainera igo eta Euskal Herriko plazak betetzen. Lainek, berriz, ibilbide laburragoa badu ere, denbora gutxian bereganatu ditu entzule gazteak.
Asteburuak aurrera egin, eta igande goiza kirolarientzat izango da, hain zuzen 10.15ean izango baita Sanprudentziotako Sub-23 eta Elite mailako 67. Txirrindulari Lasterketa. Proba amaitutakoan, eta iluntzera bitartean musika nagusituko da. Eguerdi aldera Jundajo fanfarreak hartuko ditu kaleak, eta ondoren, 18.30ean, Lazkaoko ikasleen eskutik eskainiko duten tanborradak. Irteera San Prudentzio auzoan jarrita, herriko kaleak zeharkatuko dituzte, herriko plazan amaitzeko. Horiek amaitutakoan, 20.00etan, Des Goulamas fanfarre talde frantsesak erakarriko du lazkaotarren arreta.
Ezagunak diren abestiak jotzeaz gain, beraiek egindakoak ere eskaintzen dituzte. Betiere, abesti alai eta biziak. Gainera, Clowntucadak egiten duen antzera, hauek ere jantzi koloretsu eta deigarriekin mozorrotzen dira ikuskizuna eskaintzeko.
Astelehenerako ekintzarik ez dago iragarrita, baina asteartean sanprudentzioek berriro hartuko dute martxa. Egan edota Ze esatek! taldeak; xake lehiaketa, buruhandiak, fanfarreak eta sardina jana izango dira, besteak beste, datozen zortzi egunetan Lazkaon egin, gozatu eta kontatzeko.