GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Lehen Mailako Buruz Buruko Txapelketa

Txapelaren estalpean

Azken lorpenek konfiantza eta lasaitasuna eman diete Xala eta Gonzalezi.

p029_f02_148x096.jpg

Jon ORMAZABAL

Zenbaitentzat garaipenek presio gehigarri bat sortzen badute ere, Xala eta Gonzalezentzat, Binakako eta Lau eta Erdiko azken garaileentzat, txapelak atseden eta konfiantza dakarren estalpea dira. Aurten irabazitako txapelketek mesede handia egin diete bi aurrelari lapurtarrei, eta oso itxaropentsu ekingo diote igandean denboraldiko lehiaketarik garrantzitsuenari Eibarren.

«Jokatzeko ilusio handiarekin nago, jokatzeko irrikaz. Lau eta Erdiko txapelak eta Binakako bigarren postuak lasaitasun handia ekarri didate. Dagoeneko ez dut lehen bezalako joko erorik egiten. Lehen txapelketetan maila ona emateko antsietateak eta txapel bat jantzi nahiak azeleratu egiten ninduen. Orain gauzak beste modu batera hartzen ditut», adierazi zuen Sebastien Gonzalezek atzo Eibarko Astelenan egindako material aukeraketan.

Xalak ere antzerako hitzak erabili zituen bere egungo egoeraz galdetzean erantzuteko. «Binakako txapela eskuratu eta gero, buruz buru ere zerbait polita egiteko gogoa daukat. Konfiantzaz nago, txisparekin eta une hau aprobetxatu beharra daukat», azaldu zuen lekuindarrak.

Denbora falta

Buruz Burukoan debutatzen azkenak izango diren arren, Binakako finala jokatu izanak oso tarte txikia utzi die igandeko partida behar bezala prestatzeko eta hemen ere bat etorri ziren bi aurrelariak.

«Apenas aste eta erdi izan dugu eta ez nator behar bezala prestatuta. Dena dela, aurtengo txapelketa sistema gustukoa dut, partidatik partidara hamabost egun baititugu akatsak zuzendu eta entrenatzen jarraitzeko. Xala ere entrenamenduz justu xamar helduko da eta uste dut luze ateratzen eta sake-errematea baliatzen saiatuko dela. Erritmo handiko partida izango da», azaldu zuen Gonzalezek.

«Ez dut prestatzeko astirik izan, hiru entrenamendu on frontoian eta lan fisikoko saio batzuk izan da egin ahal izan dudan bakarra. Gehien kostatzen dena kantxa guztian jokatu beharra da eta sakeak eramatea».

Pilotak izan ziren desadostasun apur bat sortu zuten bakarrak, Gonzalez ez baitzen erabat gustura geratu saskian aurkitutakoekin, berak pisu gehixeagokoak nahi baitzituen.

EPELen oharra

Bien bitartean, EPEL enpresen ligak ohar bat plazaratu zuen atzo, Promozio Txapelketako txapeldunak hurrengo urtean lehen mailakoan jokatuko duela iragarriz. Oharra irakurrita, hala ere, lehendik ere esanda zegoena baino ez da berresten, bigarren mailako txapeldunak gutxienez aurrekanporaketa jokatzeko aukera izango duela, aurten Mikel Beroizek ez bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo