LIBURUAREN EGUNA
Liburuz liburu, zorro bete istorio
1996an Liburuaren Eguna izendatu zuen apirilaren 23a UNESCO erakundeak, Shakespeare eta Cervantes egun horretan hil zirela-eta. Gainera, gaur egun hiri bat hautatzen dute urtero Liburuaren Munduko Hiriburu. Iaztik hona Beirut (Libano) izan da protagonista, eta gaurtik aurrera urtebetez Ljubljanak (Eslovenia) hartuko dio txanda.
Anartz BILBAO | BILBO
Mingotsegia da bizitza, libururik gabe». Modu horretan, argi eta garbi azaldu zuen atzo liburuen «eta fikzioaren» garrantzia Maribel Aiertza etxebarritarrak.
Eta liburuen beharrari gorazarre egiteko, liburuaren eguna dugu gaur ospatzen. Esaten denez, Shakespeare eta Cervantes 1616ko apirilaren 23an hil zirelako, Lepantoko besamotza zehazki apirilaren 22an hil bazen ere -Vladimir Nabokov idazle errusiarra jaio zen egun berean-. Eta badira beste asko ere, egun berean jaio edo zendutako idazle entzutetsuak: Halldor Laxness Nobel saridun islandiarra, esaterako, 1902ko apirilaren 23an jaio zen, eta Josep Pla idazle katalana, 1981eko apirilaren 23an zendu.
Kontua da gurean ere, data horiek gorabehera, euskal literaturak urteko bigarren uholdea izaten duela giroa epeltzen hasi bezain pronto, udaberrian (Hego Euskal Herrian, bederen). Eta negukoa bezain indartsua ez den arren -Durangoko Azoka dugu hitzordu nagusia, Gabonen atarian-, argitaletxe guztiek dute berritasunen bat liburu-dendetako erakusleiho eta apalak bete eta literaturzaleen gozamenerako, nahiz eta orain gutxi «zure liburuak bost egunetan ez badu arretarik erakartzen, hila dago», esan zuen Eduardo Mendoza idazle sonatuak, Gasteizko Liburu Eguneko ekitaldietan.
Atzo bertan, esaterako, Elkar etxeak aitzinean aipatu dugun Maribel Aiertzaren (Etxebarria, 1962) «Tigreak hondartzan» eta Jon Arretxeren «Sustrai beltzak» aurkeztu zituen, eta Susa argitaletxeak berriz, preso den Mikel Antzaren «Ospitaleak».
Idazten atzo goizean hasia ez den arren, estreinako literatura emaitza du «Tigreak hondartzan» egun Berriatuan bizi den Maribel Aiertzak. Antxiñe Mendizabal editorearen esanetan, «Musikalitatea du idazkeran Aiertzaren erritmo biziko lan bizkaitarrak, eta ahoskotasunera hurbiltzen da, esamoldez betea». Liburuak hiru istorio katramilatzen ditu. Ama izan nahi duen andrearena, haurra galdu duen amarena eta bere bizitza zirkura bideratu nahi duen umearena, «orain bi hamarkada edo» idazlea hunkitu zuen benetako gertaera batetik abiatuta. «Tigreak hondartzan» liburuan animaliek pisu handia dute «umeen iruditegian pisu handia dutelako», eta kostaldeko herri txiki batean jazotzen da, zirku giroa ere agertzen duen arren. Eta istorio dramatikoa den arren -istorio hunkigarria kontatu nahi izan digu Aiertzak-, amaiera irekian «itxaropenak indar handia du». Idazleak asko gozatu omen du barruan zerabilkiona idazten, eta bere aburuz, «besteen larruan sartzeko ariketa egokia izan da».
Eskarmentu handiagoa du idazle ofizioan Jon Arretxek (Basauri, 1963). Izan ere, atzo aurkeztu zuen «Sustrai beltzak» liburua -beldurrezko generoan kokatu zuena- Elean zuen aurrena, orain bizpahiru urte, eta behin argitaletxea itxita, Elkarren berreskuratu du orain. Bidaia liburuak eta umorea nagusi duten istorioak eman eta gero, genero beltza jorratzen dihardu aspaldi honetan Arretxek, hori baita gustuko duena, «estilo ezberdinak lantzea». Eta «Sustrai beltzak» izeneko lan honetan, egindako bidaietan oinarritutako hamarren bat ipuin eman ditu, irakurlea dardarka paratzeko asmotan.
Ez dira atzo aurkeztutako horiek Elkar etxeak helduentzako literaturan plazaratu berri dituen lan bakarrak. Eta udaberriko literatura uztaren artean, Eider Rodriguezek (Errenteria, 1977) idatzi «Katu jendea» ere aipatu beharreko lana dugu. Errenteriarrak Igartza Saria jaso zuen argitaratu berri den lanarekin. Hori dela eta, Beasaingo udal liburutegian izango da gaur bertan, 19.00etan, lanaren berri emateko -bertako Udalak ematen du saria, CAF enpresarekin batera-. «Hemen eta gaur giroturiko zazpi istorioetan barrena, Rodriguezek gizon-emakumeen sentimendu esan gabeko eta ahultasun ezkutuetan arakatzen du», ohi duen gisara. Kritika txukunak jasotzen ari den Iratxe Esnaolaren «Galerna» estreinakoak ere Elkarren eskaintza osatzen du, Xabier Mendiguren Elizegiren «Vikingoen sorterrira» lanarekin batera.
Susa argitaletxeak bere aldetik, lehen aipatu dugun legez, Mikel Antzaren lehen eleberria aurkeztu zuen atzo. 1961ean jaiotako donostiarrak aurretik ere egina du bidea literaturan, antzerki lan eta ipuin bildumen bidez, batez ere -zenbait itzulpen ere eginak ditu-, eta Susako sortzaile eta editore izana da. Estreinako nobela honetan, Gorka Arrese eta Josu Landaren hitzetan, egun Fresnesen (Estatu frantziarra) preso den idazlearen lanean «preso bat neskalagunari idazten ari zaio kartzela ospitaletik -lehenengo pertsonan-, egoera hain makurrera nola iritsi den azaltzen. Orain elbarri dago, gurpil aulkiari lotuta». Liburuak baina, intimismotik intrigara jotzen du, thriller izatera iritsi gabe, batzuetan fikzio ezin sinetsiko baten bitartez -«fikzioaren maitale handia da Antza» dio Landak-, amarru literario handiekin. Eta egoera latza bada ere, ez da tristea, «irribera da, bertan umoreak tarte handia du-eta, komikoa izatera iritsi gabe». Antzaren lagun, familia eta kultur giroko jendez lepo egin zen agerpen gozoan aurkeztutako liburuak, azken batean, «askatasun premia baten aldarria egiten du, eta ametsa erabili aipatu gosea asetzeko».
Antzaren «Ospitalekoak» nobelaz gain, Susak Lander Garroren aurreneko nobela, «Kontrarioak» emango du maiatz aldera -aurretik ipuin liburu bat argitaratua zuen Txalapartan-, eta ekain hasieran -Literaturiarako edo-, baita Jokin Urainen «Ez dago etxean» ere, XX. mendeko kartzela literatura aztertzen duen saiakera.
Aurretik ere aipatu ditugun lanekin batera, narrazio txikietan trebea den Iban Zalduak ipuin antologia bat emango du Ereinen, eta Yurre Ugarte zein Beatrice Urruspil aurrenekoz agertuko dira plazara, «Gasolindegian» (Alberdania) lehena eta bakardadean bigarrena: «Gizaki Bakartiak» (Elkar).
Udaberrian loratuak dira Fernando Morilloren «Bilbo samurai» (Txalaparta) edo Pantzo Hirigarairen «Poto» (Maiatz) lanak ere, azken hau bertsolari txapelketa nagusia bukatu bezain pronto idatzia, aspalditxo aurkeztuak diren arren -Murilloren kasuan, sega eta guzti-.
Poesian, Omar Nabarroren berragerpena izan zen udaberriak eman zuen lehen lorea, «Haragizko amoreak» ernatuta -zuzeneko errezitaldi musikatuak egiten ere hasia da-, Susa etxean. Alberdanian berriz, «iragana geroarekin uztartzen eta mudatzen» dabilen Edu Zelaietak «Aldaira urdinak» liburua eman du, eta «Anphora baita» plazaratuko du Pello Otxotekok, «hitza geure izatearen ispilu bihurtuta». Karlos Linazasorok berriz, Elkarren plazaratuko du «Hamazazpikotan» haiku sorta -eta beste bi lan, udaberri oparoan-.
Horiez gain -ugariak dira haur eta gazte literaturako aleak ere- bada zer aukeratu, izan itzulpen, saiakera edo antzerki -lan bakarra-. Pamielak, esaterako, «Darwin gurean» saiakera bitxia plazaratu du. Bertan, eboluzioaren teoriak gurean izan zuen erantzuna aztertu du Kepa Altonagak.
Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan ospatuko da gaur, apirilak 23, Liburu Eguna.
Hiriburuei begiratuta, Iruñeak liburutegietan Jose Mari Goyena, Aguroruga ilustratzaileak sortu duen irudia ageri duten 15.000 «orri-puntu» banatuz ospatuko du jarduna, aste osoan irakurketa publiko, antzerki, lehiaketa, erakusketa eta bost urtetik gorakoentzako ipuin kontalarien bitartez garatu duena.
Bestalde, eta urtero legez, Donostia, Gasteiz eta Bilbok liburu azoka izango dute egun osoan. Donostiakoa, ohi legez, Gipuzkoa plazan paratuko dute, 9.30etik 21.00etara; zazpi argitaletxek, bost liburu-dendak eta bi banatzailek parte hartuko dute bertako 14 postuetan, eta bost euroko erosketaren truk, irakurzaleek 300 libururen zozketan parte hartuko dute. Gasteizen aste osoan izan diren ekimenei bukaera emango diete gaur, Luisa Etxenike eta Mercedes Abaden solasaldiarekin, gaur egungo literatura gai dutela, Villasuso jauregian 20.00etan. Eta Andre Maria Zuriaren plazako karpan 23 liburu sorta zozketatuko dira –liburu zuri bat paratuko dute, nahi duenak zerbait idatz dezan–.
Bukatzeko, Bilbokoa Berastegi kalean kokatuko da, urtero legez, eta esaterako, 12.00etan Toti Martinez de Lezeak hitz egingo du bertan. Gainera, makina bat ekimenen artean Joxemari Carrere ipuin kontalaria izango da Deustuko liburutegian, 18.00etan.
Eta Gasteizko ARTIUM zein Montehermoson, Donostiako Arteleku eta Tabakaleran, Altzuzako Oteiza Museoan eta Hernaniko Chillida-Lekun, liburu trukaketa egingo dute, makina bat liburu «askatuta».
Durangoko Azokaren atarian izaten den liburu uholdeaz aparte, udaberrikoa du urteroko bigarren -edo lehen- loraldia euskal literaturak. Eta urtero legez, haur eta gazte literaturako lanak dira nagusi, poesiaz eta antzerkiz urri den liburuen basoan.
Susa argitaletxeak Fresnesen preso den Mikel Antzaren aurreneko nobela aurkeztu zuen atzo. «Ospitalekoak» lanean, «askatasun premia baten aldarria» egiten du aurretik antzerki eta ipuinetan trebatua den donostiarrak.