Aipagarriak
Euskadi Literatura sarietan parte hartzeko modua aldatu egingo dute
GARA | BILBO
Euskadi Literatura sariak aldaketak izango ditu aurtengo edizioan. Berrikuntza nagusiak, aurten zortzi atal izango direla eta parte hartzeko modua aldatu egingo dela.
Edizio honetatik aurrera, beharrezkoa izango da atal bakoitzerako hautagaiak aurkeztea. Edozein pertsona fisikok zein juridikok, bai publikoak bai pribatuak, proposatu ahal izango ditu sarirako hautagaiak, baita lanaren egileak berak ere. Nolanahi ere, hautagaiak zeintzuk diren jakinarazi aurretik, lanen egileek aldez aurretiko onespena aurkeztu beharko dute agiri bidez.
Hautagaiak aurkezteko epea gaur hasiko da, Liburuaren Nazioarteko Egunarekin batera, eta maiatzaren 31ra bitartean iraungo du.
Bestalde, hirutik zortzira handitu da aurten modalitateen kopurua. Honakoak izango dira: euskarazko eta gaztelaniazko literatura, haur eta gazteen euskarazko eta gaztelaniazko literatura, euskarazko literatura itzulpena, literatura lanaren ilustrazioa eta euskarazko eta gaztelaniazko saiakera. Hartara, euskal idazleentzat parte hartzeko aukerak handitu egin nahi izan dituzte.
Saria 18.000 eurokoa izango da aipatutako atal bakoitzeko, eta diru kopuru hori saritutako lanen egileek jasoko dute. Horrez gain, saritutako lanaren egileak (euskarazko itzulpenaren kasuan izan ezik) beste 4.000 euro ere jasotzeko aukera izango du, saritutako lan hori euskara ez den beste hizkuntza batean argitaratzeko kontratua sinatu ostean.