GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Landare berezien VIII. azoko Aian

Kolore ugari eta biziak, usain gozo eta sarkorrak... zentzumenen festa

Sasoiko loreak erosteko, egun-pasa egiteko... Zita da askorentzat Aiako Landare Berezien Azoka. Zita koloretsu eta usaintsua. Erleen gisara, erosleak lore deigarri eta berezienen bila. Betikoak, tradizioa dutenak, postuetan deiadarka.

p015_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI

Gorria, laranja, arrosa, indar eta bizitasun ezberdineko berdeak, horia, morexka, urdina... Kolore festa; bankete ederra usaimen eta ikusmenarentzat.

Eguraldi ona iragarrita zegoen eta goizeko behe-lainoak apenas eguzkia ikusten uzten bazuen ere, goiz mugitu zen jendea Aiara bidean. Iturrarango inguruak autoz gainezka egon ez zitezen, aurreko urtean bezalaxe, azokako arduradunek autobusak antolatu zituzten, eta goizeko hamar eta erdiak jotzerako aparkalekuetan lanean ari ziren boluntarioak «gehiago bidali» esan eta esan zebiltzan. «Gero eta jende gehiago etortzen da; atzo autobusak gora eta behera ibili ziren, «deskantsurik gabe», aitortu zigun Aiako tabernari batek.

Josune Azpiroz Iturraran Lorategi Botanikoko langileak eman zizkigun bisitarien inguruko datuak. Larunbatean, orotara, 3.800 lagun bertaratu ziren azokara, «ingurukoak asko, kilometro mordoxka eginda etorritakoak ere bai».

Bertaratzeaz gain, erosi ere egin zuten. «Mintegietako arduradunek oso gustura amaitu zuten eguna, asko saldu baitzen», azaldu zuen Azpirozek. Larunbata da erosle handiek aukeratzen duten eguna, igandea egunpasa joatekoa: bisita egin, loreak erosi, taloren bat edo beste jan...

Larunbatean etxera buelta poltsikoa berotuta egin zuenetako bat da Mikel Mendizabal Lezoko Elorri mintegikoa. Zortzi urte daramatza, ekoizten dituen bertako landareak hartuta, Aiara hutsik egin gabe etortzen. Bere postuaren inguruan ez zen jende pilaketa handirik, lasai zebilen. «Nire landareak ez dira bereziak, ez eta ikusgarriak; bertakoak dira eta horrek egiten ditu berezi», nabarmendu du. Barietatean dago, bere esanetan, edertasunaren gakoa: «Pagadiak ederrak dira, baina tartean-tartean sagarminak, makatzak edo otsalizarrak topatzea ederra da». Azoka hau saltzeko baino harremanetarako baliatzen duela aitortu du Mendizabalek: «Lorategi botanikoetako arduradunak, administrazioetako langileak, basozainak... etortzen dira bertara eta eurekin kontaktua izatea da niretzat garrantzitsuena». Kontaktua egin eta saltzen badu, «are eta hobeto».

«Biodibertsitatea helburu»

Gero eta gehiago dira azokan parte hartzen duten bertako mintegiak. Aurten, berriz, lehenengoz Arboreco kataluniarra etorri da fruta-arbola tradizionalekin. Biodibertsitatea mantentzea da beren lanaren muina. Udareondoak, sagarrondoak, gereziondoak... «Lehen ekoizten ziren barietate zaharrak ugaritzea da gure xedea, aspaldi honetan gutxiago ekoizten direnak, baina kalitate handiko fruitua eskaintzen dutenak», esan du Marco Sangiogiok. «Fruitu gutxiago ematen dutela esaten da. Gutxiago bai baina urte gehiagoan ematen dute», zehaztu du.

Natura argia omen da. Landareek, oro har, koloreak eta usainak erabiltzen dituzte intsektuak erakarri eta polinizazioa ziurtatzeko. Intsektuen gisara erosleak ere. Postu koloretsuenetan zeuden ilara handienak eta zalaparta nabarmenena. «Hau etxera eraman bai, baina loreak galtzen dituenean zer? Orain bai polita!», zalantza egiten zuen, berriz, emakume batek erosi berri zuen loreari begira. Asmatu edo ez, lore ederra besapean hartuta etxeratu zen behintzat.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo