GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Mendiko lasterketak EMF

Berrikuntza, hastear dagoen zirkuitu ofizialean

Euskal Mendizale Federazioak atondutako egutegia datorren igandean hasiko da. Aurtengo denboraldiak dakarren berrikuntza nagusia Lasterketa Bertikalen I. Euskadiko Kopa da. Guztira, lau proba izango ditu.

p045_f01_250x128.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Arratzu-Urdaibai mendi lasterketarekin hasiko da heldu den igandean Euskal Mendizale Federazioak antolatutako 2010eko egutegi oparoa. Egutegi oparoa diogu, aurtengoak, ohiko probez gain, berrikuntzarik izango duelako: Bertikalen Euskadiko Kopa.

Egutegiak zehaztutako lehen hitzorduak, gainera, garrantzi handia du; izan ere, Arratzu-Urdaibaiko probak Euskadiko banakako zein klubetako txapelketak bere baitan jasotzen ditu.

Lasterketa hori jokatu eta irailaren amaiera arte, zirkuitu ofizialak ia ez du etenik izango. Gainera, ez dugu ahaztu behar EMF-ren egutegitik kanpo ere makina bat proba izango direla.

Mendi lasterketekin jarraituz, Euskadiko Koparen aurtengo ekitaldiak lau hitzordu izango ditu. Aramotz (maiatzak 30), Orozko Harana (ekainak 20), Zumaiako Flysch (uztailak 11) eta Olatzagutia-Urbasa (irailak 25).

Berrikuntza nagusia, berriz, igoera bertikalekin dator. Azken urteotan izaera horretako probaren bat edo beste jokatu da. Eta iaz, adibidez, hiru hitzorduko zirkuitua bultzatu zen. Bada, hiru horiek eta beste laugarren batek izaera ofiziala izango dute. Bai, EMFk, estreinakoz, Bertikalen Euskadiko Kopa atondu du.

Maiatzaren 8an hasiko da Anbotokoarekin. Gero, ekainaren 19an, Txindokikoak hartuko dio lekukoa. Beste biak honakoak dira: Zuzenien (uztailak 4) eta Uharte Arakil-Beriain (irailak 19).

Euskal Mendizale Federazioak antolatutako egutegiari buruzko informazio guztia honako helbidean duzue: www.emf-fvm.com.

Nazioen zirkuitua

Bien bitartean, nazioarteko deialdiei dagokienez, ekimen berri bat sortu dela iragarri behar dugu. Agian gogoan izango duzue nazioarte mailako hitzordu nagusia International Skyrunning Federation-en eskutik iristen zela. Mendi Lasterketen Munduko Kopa (ISF-ren World Series) bezala aurkezten zen, baina ez zuen izaera ofizialik.

Bada, azkenaldiotan eta batez ere iaz federazio horretan hainbat arazo izan ziren. Eta, besteak beste, Kataluniako Selekzioak zirkuitu horretatik alde egitea erabaki du. Horren ordez, Kataluniako Kirol Selekzioen aldeko Plataformak eta beste zenbait eragilek International Mountain Running Cup edo Nazioen Sari nagusia antolatu dute.

«ISF ez bezala, zirkuitu hau korrikalarien eta antolatzaileen asmoetara egokitzen da. Bost proba izango ditu. Aukeratzeko askatasunari garrantzi handia eman diogu. Hau da, korrikalariek zein nazio ordezkatu nahi duten aukeratzeko eskubidea dute; nahiz eta estaturik ez izan. Naziokako, banakako zein taldekako sailkapenak egongo dira», adierazi dute antolatzaileek.

Mountain Hiking and Running Federation taldearen esku egongo da zirkuitu hori, eta lehendabiziko hitzordua Euskal Herrian du: Arratzu-Urdaibai. Informazio gehiago eskuratu nahi dutenek www.mountainrunninginternational.org webgunean izango dute.

bertikalak

EMF-k antolatuta, Bertikalen I. Euskadiko Kopa jokatuko da. Guztira, lau proba ditu: Anboto, Txindoki, Zuzenien eta Uharte Arakil-Beriain.

nazioen zirkuitua

Kataluniako Selekzioak International Skyrunning Federation-etik alde egin eta International Mountain Running Cup edo Nazioen Sari nagusia antolatu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo