GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jon Urrusolo LAB-Irakaskuntzako arduraduna

Eskoletan inposiziorik eta doktrinamendurik ez

Planak erabateko nagusitasuna ematen die ETAren biktimei, eskoletan euren presentzia bermatzea ezinbestekoa dela adieraziz; hori hezkuntza ikuspegitik desegokia da eta tentsionamendua besterik ez dakar Isabel Celaa Hezkuntza sailburuari, Patxi Lopezi, eta Basagoitiri eskola ezin dutela euren interesen mesedetan erabili esan behar diegu

Eskoletan ETAren biktimen testigantzak jasotzeari eta lantzeari bide emateko, Bizikidetza Demokratikoa eta Indarkeriaren Deslegitimazioa (2010-2011) izenburupean Patxi Lopezen Jaurlaritzak aurkeztu duen dokumentua hautsak harrotzen ari da, eta noski, sindikalgintzatik ere badugu zer esana. Lehenik eta behin, LABetik nabarmendu nahi dugu dokumentuak duen izaera ez dela hezkuntzari lotua, erabat politikoa baizik, PP-PSOEren irizpide politikoei erantzuten diena, hain zuen ere. Are gehiago, dokumentua terrorismoaren aurkako lanabestzat jotzen dute. Lehenago UPNk egin bezala, PP eta PSOE ongi jabetu dira hezkuntzak duen balio estrategikoaz, eta beste hezkuntza ekimenekin bezala, plan hau euskal herritarrak Espainiako ereduan asimilatzeko erabili nahi dute.

Sindikatu eta eragileokin partekatu gabeko dokumentua da. Lortu ere, geure iturriak baliatuz lortu behar izan dugu, atera kontuak. Aurki buletinean argitaratuko duten curriculum dekretuaren kasuan bezala, honetan ere sustatzaileak Gobernuan duten gehiengoaz baliatu dira, ez dute bestelako adostasunik bilatu, nahiago dute «dekretazoaren» bidea euren erabakiak ezartzeko. Mozorro guztiak kendu dituzte eta garai bateko moduak erabiltzen ari dira, diktadurei dagozkienak, inposizioarenak.

Planak erabateko nagusitasuna ematen die ETAren biktimei, eskoletan euren presentzia bermatzea ezinbestekoa dela adieraziz; hori hezkuntza ikuspegitik desegokia da eta tentsionamendua besterik ez dakar. Ekimenak ez du zerikusirik giza eskubideen gaineko heziketarekin, eta Euskal Herrian dauden biktimen artean banaketa egiten du, existitzen diren biktimen eta ahanzturara kondenatutakoen artean. Estatuaren terrorismoa, tortura, genero indarkeria, lan istripuak... Halakoen biktimei buruz txintik ez. Biktima bakarrak, pentsamendu bakarra. PPk eta PSOEk ebatzi dute gure gizartean zeintzuk diren biktimak eta zeintzuk ez.

Planaren barruan, eta euren irizpide politikoek itsututa, giza eskubide indibidual eta kolektiboen gaineko heziketa integralarekiko konpromiso aktiboa eskatu eta bultzatu beharrean, irakasleei ETAren indarkeriaren aurrean jarrera aktiboa eskatzen diete eta, besteak beste, eskoletan ETAko biktimei omenaldiak egitea proposatzen dute. Eskola erabili nahi dute PPren eta PSOEren pentsamoldearen arabera. Ez da beste biktimez hitz egiten, nahiz eta horiek ere behar dituzten egia, justizia eta erreparazioa.

Zalantzarik gabe, PP eta PSOEren nahierako doktrinamenduari egokitzen zaion bertsioa proposatzen du planak. Horretarako, oraingoan biktima batzuei erabilera politikoa emango diete, euren paktuaren proiektu ideologikoa formatu honetan eskolaratzeko. Esan bezala, ez dago helburu pedagogikorik, politikoak baizik.

Dokumentuan eskolari gauzak argitasunez egitea eskatzen zaio. Horrek zer esan nahi du, orain arte giza eskubideen lanketa iluntasunez egin dela? Edo argitasunez egitea PP eta PSOEk dioten bezala aritzea dela?

Eskola gizartearen isla da, gizartean dauden arazoak eskolan ditugu, eta jendartean dauden jatorri desberdineko bortizkeria adierazpenen biktimak ere badaude eskoletan: Espainiako Gerra Zibilean desagertutakoen senideen ondorengoak, torturatuak izan direnen seme-alabak, ETAko ekintzak jasan dituztenenak, Estatu gerra zikinaren helburu izan zirenenak, preso eta iheslarienak, lan istripuz hil direnenak, tratu txarrak eta genero indarkeria pairatu dituztenenak, langabeenak... Eta eskolari eta hezkuntzako langileoi dagokigu sufrimendu horrekin lan egitea, elkarbizitza eskolaren eta hezkuntzaren helburua izateaz gain, egunero praktikan jarri behar den helburua baita.

Doktrinamendu hau aurrera eramateko materialik ez dagoen honetan, tutoretzari eta prestakuntzari arreta berezia eman nahi diete, tutoretza saioak balioen transmisiorako gune egokiak direlako. Prestakuntza arloan, berriz, hainbat ildo planteatzen dituzte: «eduki berriak» barneratzeko mintegiak, orientatzaile eta tutoreen prestakuntza espezifikoa, eta ikastaroak Garatu formazio eskaintzan. Egun ez dakigu prestakuntza jarduera hauetan eskainiko den edukia zein izango den, norekin adostuak diren, nork emango dituen.

Planak ez du adostasunik lortuko, ez arlo politikoan, sozialean, sindikalean, ezta eskola komunitatean ere. Hori bai, ikastetxeetan, familien artean, eskola komunitatean kohesioa landu beharrean, tentsionamendu iturri izango da, polarizazioa areagotuz.

LABetik dei egiten dugu, plana irakurtzera, ezagutzera eta borrokatzera. Dagoeneko hainbat gurasok hedabideetan azaldu dute biktimak eskolara joango diren egunean euren seme-alabak ez dituztela bidaliko. Bide horretan, gurasoek, hezkuntzako langileek eta ikasleek planarekiko desadostasuna plazaratu behar dugu. Isabel Celaa Hezkuntza sailburuari, Patxi Lopezi, eta Basagoitiri esan behar diegu eskola ezin dutela euren interesen mesedetan erabili. Horregatik eskola komunitateari eta gizarteari oro har Celaa sailburuari desadostasuna ager diezaioten dei egiten diegu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo