GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Maider Alustiza Jon Enparantza abokatuaren emaztea

Biktima gehiegi gure herrian

Pertsonaia eta egoera hauek, zoritxarrez, egiazkoak dira. Ez ditut asmatu behar izan. Hauek gure inguru hurbileko adibide gutxi batzuk dira

San Sebastian gau batez izan zen. ETAk osaba hil zuen tiroz. Gure lehengusu eta izebak harrezkero eta betirako pairatzen duten samina ez dut imajinatu ere egin nahi. Gure etxean izugarria izan zen, pentsa haienean.

Txirrina. «Nor da?», galdetu du alabak. «Osaba Jon, gonbidatuko nauzue afaltzera?». «Zergatik azaltzen da Jon karteletan?» galdetu zuen duela urtebete. «Desagertua dagoelako». Baina aurkitu dugu, Toulouseko morge batean.

Jonen auzoko Belenen senarra espainolek erail zuten eta bi haur txikirekin geratu zen. Animo Aitor.

Haurrek izugarri maite duten Anaren dendatik pasa gara, «edozein gauza behar duzuela, laguntzeko prest nauzu», globo bana oparitu die eta poz-pozik joan dira. Anaren senarra ETAk hil zuen. Alaba eta semea ditu.

Aitzolek zazpi urte daramatza espetxez espetxe milaka kilometro egiten gurasoak ikusi ahal izateko. Amatxo espetxetik atera dute! Azkenean! Atzo aita eraman zuten «zakur» frantsesek. Errepidera berriz ere astero.

Bi urtez espetxean egon den Joseba aurkitu dut kalean. «Ongi etorri!», esan diot irribarretsu. «Zer moduz zaude?», galdetu dit kopetilun. Atzo irakurri nuen artikulu batean «unos vienen y otros van», eta horixe bera esan nion nik. Herri hau horrela da Joseba, gazi-gozoz beteta.

Espetxerako azken bidaia hiru seme-alaba zaharrenekin egin nuen. Nekanek eraman gintuen. Paliza itzela haurrentzat. Arina egin zitzaien oraingoan, ordea, Nekane eta Liberi, astero Jaen eta Huelvara joan behar baitute. «Zergatik ari dira oihuka ama? Zer esaten du Nekanek?». 500 kilometro egin ostean,kartzeleroek ez zioten sartzen utzi nahi. «Ba, 18 urte daramatzala Estatu espainoleko zein frantseseko espetxeetan senarra bisitatzen eta ez zuela onartuko bisitarik gabe geratzea». Eskerrak bera bezalako emakumeak ditugun.

Ahizpa txikitzat nuen lehengusinaren senarra ertzaina da. Alabaren lagun onenetako baten aita eta ama bezala. Astelehenean zipaioen etxean bazkalduko du.

Senarra euskal preso politikoen abokatua da. Guardia Zibilaren esku egon zen. Bost egun, bere gau luzeekin. Zoritxarrez, hain ohikoa den inkomunikazio ankerraren babespean bahiturik izan zuten, ez non ez nola ez genekiela. Beste hamar euskal herritarrekin. Beste milaka pertsonak pasa duten egoera pasatzen.

«Eta zergatik puskatu dizkigute gauzak etxean ama? Eta zergatik eraman dituzte? Ez zuten nahikoa aita eramatea? Non dago? Noiz ikusiko dugu? Berriz ere bidaiatzera? Utziko al diote oraingoan telefonoz deitzen? Kristalarekin ikusi beharko dugu oraindik? Zergatik ezingo dugu besarkatu?».

Aipatu ditudan pertsonaia eta egoera hauek, zoritxarrez, egiazkoak dira. Ez ditut asmatu behar izan. Hauek dira gure inguru hurbileko adibide gutxi batzuk.

Hau da Euskal Herriaren egoera, herri alai eta zoragarria izateaz gain, biktimak alde guztietatik, sufrimendua barra-barra.

Orain guri tokatu zaigu inkomunikazioa pairatzea. Baina urte luzeak daramatzagu inkomunikazio egoera horren ondorioz jasandako tortura latzak ikusten. Etengabe artxibatzen dituzten torturen salaketak egiten.

Behin Navajas fiskalaren aurrean eseri behar izan nuen torturak salatzeagatik. «Zure lana torturak ikertu eta torturatzaileak zigortzea da, ez tortura salatzen dutenak espetxeratzea», esan nion soilik. Horrelakorik ez zuela onartuko, altxa eta alde egin zuen. Hobe torturatzaileen bila joan izan balitz. Guztion artean eragin beharko dugu inpunitate hori amai dadin.

Baten bati entzun diot «ez dakit zein prozesu» hasi dela... bat, bi, hiru esan ostean agian... ba, ederrak ditugun baldintza eta bermeak. «Egunkaria»-rena ona omen da, jende guztia pozik dago. Nola da posible? «Egunkaria»-ko kideak atxilotuak izan ziren, inkomunikatuak, torturatuak, espetxeratuak eta «Egunkaria» itxi egin zuten. Urteetara horretarako arrazoirik ez zegoela esan dute. Estupendo.

Ez gara hiru milioira iristen, eta horietatik 750 pertsona preso politikoak dira. Jon Anza erail egin dute. Politikan aritzen ziren hainbat lagun espetxean bahituta eduki eta gero, kalera joaten utzi diete. Ez daude libre, ordea, izugarrizko dirutzak ordaintzeaz gain, ez nituen aurreko asteburuko manifestazioan ikusi; askatasuna erabat mugaturik dute.

Aberri Egunean ikusi zenuten askok azkeneko aldiz nire senarra. «Nazio bat gara, Estatu bat behar dugu»; nafar Estatua, gehituko luke hark. Horren alde egindako lanak fruituak eman ditzala. Hori da gure bermea, euskal estatua. Biktima gehiago egon ez dadin, euskal Estatua lortzeko borrokan jarraituko dugu, barrutik eta kanpotik.

Muxu handi bat atxilotutako guztiei eta haien senideei. Animo!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo