
Eskalada Pareta
Peña Montañesan korapiloak askatzen

Andoni ARABAOLAZA
Pareta, era askea, zailtasun gogorra eta arriskua. Lau zutabe horietan oinarritu da Manu Cordovak eta Mikel Zabalzak Peña Montañesan eginiko eskalada. «El poder de una obsesion» bidea (350 m) askatzea edo era askean igotzea erdietsi dute. C. Gichot eta J. Fernandezek zabaldutako marra da, eta 6c/A3 gradua jarri zioten. Korapiloa askatu ondoren, 7b+ geratu da.
Iazko udazkenean, Albert Salvado eta Unai Mendia bide hori era librean igotzen saiatu ziren. Nahiz eta oso lan ona egin, 7. luzearen artesi desplomatu bat zintzilik utzi zuten. Apirilaren 10ean, berriz, Cordovak eta Zabalzak luze guztiak librean igo zituzten.
Nafarrak dioenez, hasieratik arreta handiz ibili behar da: «Lehen luzea, adibidez, 6a bezala agertzen zen, baina guretzat 6b-tik gorakoa zen. Era librean baina konpromiso handiarekin egiteko oso bide ederra eta ona da. Orain iltzerik gabe eskala daiteke. 300 metroko kare-harri sinestezina da. 8 luze ditu, eta gogorrena seigarrena da: 7b+.
Eskalatzaile gasteiztarra denboraldi bikaina egiten ari da kirol eskaladako muturreko marretan. Lortu duen azken emaitza Baltzolan izan da: «Il domani» bidea (9a).
Eskalatzaile nafarrak Etxaurin bideak sortzen eta kateatzen jarraitzen du. Azken bolada honetan, lau 8c eta «La Punyinga» (8c+) poltsikoratu ditu.