GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Kirol eskalada Jarduerak

Su eta gar katera heldu arte

Iker Pouk gogor jarraitzen du bederatzigarren graduan, eta «Il domani» bidearen (9a) lehen errepikapena egin du. Ekaitz Maiz ere sasoiko dago, eta Etxaurin, besteak beste, «La Punyinga» (8c+) sinatu du.

p044_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Kirol eskaladan jarduten duten euskal eskalatzaileak sasoia hartzen ari dira. Hala eta guztiz ere, batzuk aurreratu egin dira, eta dagoeneko hainbat kateatze adierazgarri erdietsi dituzte. Talde horretan daude, besteak beste, Iker Pou eta Ekaitz Maiz.

Gasteiztarrari dagokionez, urte hasieratik gogotsu eta indartsu dabil. Bederatzigarren graduan gustura dabilela iragarri genuen «Demencia Senil» (9a+) eta «Victimas Perez» (9a) poltsikoratuak baitzituen. Orain, berriz, Baltzolan «Il domani» bidea erdietsi du.

Patxi Usobiaga eta Mikel Maesok sortutako marra horren lehena Usobiagarena izan zen; hain zuzen ere, 2003. urtean. 7 urte geroago, Pouren bigarren igoera iritsi da: «Erresistentzia gogorra da. 70 bat mugimendu eta hiru zati ditu: 8b+, blokeko 7c+ eta 8a. Duela 3 urte gertu ibili nintzen, eta harrezkeroztik ez nuen gehiago probatu. Patxik erabili ez zuen atseden leku bat erabili nuen. Uste dut era horretara 9a normala dela, eta Patxik egin bezala 9a gogorra».

Maizen bitxiak

Etxauri aipatzen denean, inolako zalantzarik gabe, Ekaitz Maizen izena agertzen da. Eta ez da harritzekoa. Beti bezala ekarpenak egiten jarraitzen du; hots, kalitate zein zailtasun handiko bide berriak zabaltzen eta kateatzen.

Azken bolada honetan, etxauriarra oso motibatuta ikusi dugu. Eta lortu dituen emaitzek hori islatzen dute. 8c-tik gorako 5 bide poltsikoratu ditu: «Amatxo maitia», «Bukanan kapitaina» (2. kateraino), «Etxauriko esentzia», «Amaiur 1522» eta «La Punyinga». Lehenbiziko lau marrak 8c gradukoak eta bosgarrena 8c+ zailtasunekoa.

Maizek berak azken bi bideen inguruan azalpenak eman nahi izan dizkigu: ««Amaiaur 1522» bidea ez da zailena izango, baina, marrari zein mugimenduei erreparatzen badiegu, niretzat Etxaurikoa onenetarikoa da. 45 metro luze da, eta teknika zein indarra neurri berean uztartzen ditu. Lehen 30 metroan sabai batetik gora doan artesi zabal bat eskalatu behar da. Tximinia eta offwidht teknikak exijitzen ditu. Gero, zati gogorrena dator: helduleku txikiak dituen plaka desplomatu bat. Oso harro nago bide hau sortu eta kateatu dudalako».

Bigarren aipamena «La Punyinga» bideari buruz egin nahi du eskalatzaile nafarrak. Bidaia batetik bueltan, Maizek marra horretan saio bakan batzuk egin eta, ia ohartu gabe, katera iritsi zen: «Guztietatik hau da gogorrena. Nork dio Etxaurin plakak besterik ez daudela? Kiriakon zabaldutako bide honek bi sabai gogor ditu. Indar-erresistentziakoa da, hiru sekzio ezberdin ditu eta horiek bi atseden leku onek bereizten dituzte. Inolako zalantzarik gabe, azken bolada honetan kateatu dudan bide gogorrena da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo