GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

HARRI-JASOTZEA Gorostidi Harria txapelketa

Ostolatza eta Telleria II.a, bakoitza bere mailan garaile

Ezusterik handiena zestoarrak eman zuen, Aimar Irigoien mendean hartu baitzuen. Urnietarrak, aldiz, ez zuen irabazteko aparteko arazorik izan.

p038_f01_111x111.jpg

Jon LEUNDA

Ostolatza eta Telleria II.a izan ziren atzo Adunan jokatu zen Gorostidi Harria txapelketako protagonista nagusiak. Lehenak ezustea eman zuen eta mendean hartu zuen Irigoien bere mailan. Pisu txikian, berriz, Telleria II.ak lortu zuen txapela, eta gainera, 185 kilokoari ere jasoaldi bat eman zion.

Hasiera hunkigarria izan zuen atzoko jaialdiak, izan ere, Joxemari Mendizabal zendu berriari lehenengo omenaldia eskaini zitzaion. Bere familia guztia hantxe zen, eta ekinaldia hasi aurretik lore-sorta eskaintza eta minutu bateko isilunea egin zuten.

Jendetza batu zen Adunako pilotalekuan, 1.000 ikusle inguruk erabat bete baitzituzten harmailak. Aurtengorako bi lehiaketa ezberdin jarri zituzten. Hasiera batean, 185 kiloko zilindro zaharrarekin hasi zen txapelketa, baina kirolarien artean arrakastarik ez duela-eta, aurten 150 kiloko zilindro zaharra zegoen plazan; esku batekin 185ekoa jasotzen zuenak ere bazuen sari berezirik.

Hasteko, pisu txikikoak neurtu ziren, 80 kilo baino gutxiago pisatzen duten kirolariak, alegia. 150 kiloko zilindro zaharra bi eskurekin jaso behar zuten, eta lanean aritzeko bost minutuko txanda bakar bat zuten.

Telleria III.a izan zen plazaratzen lehena eta zazpi jasoaldi on eman zizkion. Beste bat ere eman zion, baina ustela izan zen, eta amaieran azken geratu zen. Jarraian plazaratu zen bere anaia, Telleria II.a, eta honek lan bikaina egin zuen, harria bost minutuan 13 aldiz bizkarrean berdinduta. Horrek sailkapeneko lehen postua eman zion.

Azkena Urrutia plazaratu zen. Nafarrak bederatzi jasoaldi eman zizkion. Hori lortu zuenean tarte dezente geratzen zitzaion, baina hortik aurrerako ahalegin guztiak alferrikakoak izan ziren. Beraz, hirurek lanak amaitu ostean, txapela Telleria II.ak jantzi zuen.

Ezustea

Ezusterik handiena pisu handian gertatu zen. Irigoien eta Ostolatza neurtu ziren, eta azken honek eraman zuen garaipena. Horretan, 80 kilo baino gehiagoko pisua duten kirolariak neurtzen ziren, eta 150 kiloko zilindro zaharra esku bakar batekin jaso behar zuten.

Joseba Ostolatza izan zen plazaratzen lehena, eta 11 jasoaldi eman zizkion. Jarraian atera zen jendearen aurrera Irigoien, eta errezildarra irabazteko faborito baldin bazen ere, hamar jasoaldirekin konformatu behar izan zuen. Arazo batzuk izan zituen harriarekin, izan ere, bi aldiz lurretik altxatzerakoan ez zuen asmatu, eta beste batean gerrira ekarri ostean ere itzuli behar izan zuen. Amaieran bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Azkenik, bazen sari berezi bat ere 185 kiloko zilindro zaharra esku batekin jasotzen zuenarentzat. Horretan azkenean Telleria II.a ahalegindu zen, baina bi eskurekin jasotzeko, eta lortu egin zuen, eta beretzat izan zen sari ederra.

Aizkoran erakustaldi moduan neurtu ziren Olasagasti eta Azurmendi. Hasiera batean, honek orain dela hilabete Olasagastik eta Mendizabalek jokatu zuten apustuaren errebantxa moduko bat izan behar zuen, baina zoritxarrez ez zen horrelakorik izan, eta adunarraren lekua Azurmendik bete zuen.

Olasagastik kanako bat zutik moztu behar zuen, eta Azurmendik, beste bat, baina etzanda. Olasagastik irabazi zuen, eta lanak burutzeko 18 minutu eta 5 segundo behar izan zituen. Azurmendik, berriz, 22 minutu.

Txingatan ere bazegoen sari bat. Kirolari bakoitzak 75 kiloko txingak esku banatan hartu eta ahalik eta plazarik gehien egitea zen helburua, eta Urresti bakarrik agertu zen. Kirolari bizkaitarrak bi plaza, 11 metro eta 70 zentimetro egitera iritsi zen.

Omenaldia

Joxemari Mendizabal zendu berriak omenaldia jaso zuen atzoko saioa hasi aitzin. Familiakoek lore sortak jaso ostean, minutu bateko isilunea egin zen. Mendizabal Olasagastiren aurka aizkoran aritzekoa zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo