GARA > Idatzia > Kultura

Bertsolaritzaren harrobia hazi eta hezteko helburuz egin dute Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna

Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna, seigarrena, ospatu zen atzo Eibarren euren arteko harremanak sendotu eta elkar ezagutze aldera. Hezkuntza arautua eta bertso eskolen garrantzia nabarmendu ziren hitzorduan.

GARA | DONOSTIA

Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna ospatu zen atzo Eibarren, Debabarrenera jauzi bat eginda, aurreko urteetan Villabona, Oiartzun, Oñati, Usurbil eta Azkoititik igaro ondoren. Topaketa horren helburua argia dela nabarmendu zuten antolatzaileek: «Gipuzkoako bertso eskolen arteko harremanak sendotzea eta elkar ezagutzea». Ildo horretan, bertsolaritzaren transmisioaren inguruan funtsezko hiru osagaik osatutako hirukia «marraztu» zuten, erpin bakoitzaren garrantzia azpimarratuta. Batetik, hezkuntza arautua lehenetsi zuten. Gipuzkoako 8.000 neska-mutil inguruk jasotzen dituzte bertsolaritza eskolak Gipuzkoako bederatzi bailaratan banatuta dauden 113 ikastetxeetan. «Bertsolaritzari buruz zerbait gehiago jakin edo ikasi eta bertso eskoletara salto egiteko tranpolin garrantzitsua da berau», antolatzaileen aburuz.

Gaineratu zutenez, «neska mutil asko bertso eskoletara beren kabuz etortzen badira ere, hezkuntza arautuan daukagun presentziak gero eta gehiago erakartzen ditu». Izan ere, bertso eskola bati dagokionez, herri mailako bertso eskola garatua izatea da helburu nagusia, hau da, garai batean bertako ikasle izan zirenak irakasle izatera iritsi eta taldearekin aurrera egiteko kanpoko eragileen beharrik ez izatea. Era berean, «horrek herriko bertso ekitaldietako parte hartzaile, antolatzaile eta bultzatzaile izatera eramango ditu eta kasu gehientsuenetan udalekin batera elkarlanean antolatuko dituzte ekitaldi guztiak». Gipuzkoan, 925 kide dabiltza bertso eskoletan; horietatik 500 inguru haur eta gazteak dira eta 400 inguru helduak; horietatik %40 emakumezkoak dira.

Atzo Eibarren ospatutako jaialdia jarduera osagarrien barruan sartu zuten antolatzaileek eta eguna «jolas handi bat» bihurtu zuten, bertsolaritzarekin harremanean beti ere. Hala, Gipuzkoako 140 bertso talde inguruk eta 400 neska-mutilek (idatzian aritzen direnak eta baita bat-batekoan ere) parte hartu zuten bertsolaritzaren harrobira gerturatu zen ospakizunean.

Goizean goizetik hasi ziren hurbildutako guztientzat zuzendutako ospakizunak. Jolasak, batukada, bat-bateko bertsoak eta kalejirak izan ziren nagusi, bertan bildutako laurehun lagun inguru bazkaltzera joan aurretik. Otorduaren ostean, beste kalejira batek Eibarko Koliseo antzokira eraman zituen bertan bildutakoak eta Bertso Sound System ikuskizunarekin amaitu zen eguna.

400 LAGUN INGURU

Gipuzkoako 140 bertso taldek hartu zuten parte eta laurehun lagun inguru bildu ziren Eibarren egun osoan gauzatu ziren bertsolaritzarekin lotutako ekintzetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo