GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Zartaginak oparitan

Postontziak gainezka egiteraino betetzen dituzte publizitatez eta eurena sartzen ez bada, aurrekoa atera, zakarretara bota eta «iepa!» barrura. Onartu egin behar dut niri, gainetik bada ere, bistadizoa ematea gustatzen zaidala, gero dendara joan eta hain erakargarria iruditu zaidan eskaintza gogoratzen ez badut ere.

Oraingoan lerro hauek idazteko aitzakia eman didate behintzat. Ezaguna den kate handi bateko publizitatea ari nintzen begiratzen orri berberean koloniak, zapiak, makillajeak eta zartaginak topatu ditudanean. Harritu egin nau, normalean produktuak multzoka bereizten baitituzte. Orriaren goiko aldean, azalpena: «Amaren Eguna». Barrua astindu dit ideiak, baina barrea ere eragin dit. Zer opari esklusibo eta pertsonala zartagina, e! Zein originala!

Gogora ekarri dizkit txikia nintzela aitaren eta amaren egunaren aitzakian eskolan egiten genituen lanak. Zenbat marrazki eta buztinezko hautsontzi ez ote ditu jaso nire aitak; eta zenbat paperezko lore amak. Ni begietara begira-begira eta haiek inoiz jaso dituzten oparirik hoberenak bailiran, disimuluan. Intentzioak, asmoak handitzen zituen hain txiki ziren opariak. Gogoan daukat, ordea, lehenengoz sos batzuk bildu eta amari erositako oparia egin behar geniola pentsatu genuenean. Hura intentzioa eta hura oparia.

Nik, aspaldian etxean ikusi ez dudan loreontzia; besteak goizeko esnea berotzeko kazola; eta hirugarrenak, originaletan originalenak, bitrozeramika garbitzeko espatula eta gogoan ez daukadan beste «super-oparia». Originalak eta praktikoak ginen gu, inondik ere.

Pagatuko nuke gure amek paperean ondo bilduta eman genizkien opariak zabaldu zituztenean jarri zuten aurpegia berriz ere ikusteagatik. Seguru nago barreari eusten nahikoa lan izan zutela; seguru nago gogoari eutsi eta opari politak zirela esan zigutela; pentsatzen dut gogoeta ere eragin ziela gure okurrentziak. «Zer pentsatzen dute mukizu hauek? Nondik atera dute ideia hau?». Imajinatzen ditut hiru amak elkarri kontatzen alabek zer oparitu zieten. Imajinatzen hasi eta imajinatu ditut egungo amak opari-paperetan bildutako zartaginak jasotzen. Gauzak, azken batean, ez dira hainbeste aldatu; mezuak ere ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo