GARA > Idatzia > Mundua

Omar el-Bashirrek garaipen zabala lortu du Sudango hauteskundeetan

Begiraleen iritziz «nazioarteko arauak» bete ez dituzten Sudango Presidentetzarako hauteskundeetan, bozen %68,24 lortu du Omar el-Bashirrek. Bera atxilotzeko agindua eman zuen Nazioarteko Zigor Auzitegiaren aurrean, El-Bashirrentzat arrakasta handia da hori.

Guillaume LAVALLE (AFP)

Sudango presidente Omar el-Bashirrek hauteskundeak irabazi ditu, bozen %68,24 bereganatuz. Begiraleen iritziz, ordea, hauteskundeok ez dituzte bete «nazioarteko arauak». Nazioarteko Zigor Auzitegiak (CPI) El-Bashir atxilotzeko agindua eman zuen 2008ko uztailean.

Hego-Sudango eskualde erdi autonomoko presidente Salva Kiirek ere bere postua mantenduko du bozketan irabazi ondoren, hauteskunde batzordeak emandako datuen arabera.

«Sudandar guztientzako garaipena da», aldarrikatu zuen El-Bashirrek telebistaz zabalduriko mintzaldi batean.

Honekin batera, aurreikusita zegoen bezala, urtarrilean Hego-Sudango independentziari buruzko erreferenduma antolatzeko konpromisoa berretsi zuen El-Bashirrek. Urtarrileko galdeketa horren helburua 2005ean 21 urteko gerra zibilari amaiera eman zion bake ituna sendotzea da.

«Aldez aurretik finkaturiko egun batean Hego-Sudango erreferenduma egingo dugula eta Darfurren bakea lortzeko lanean segituko dugula berresten dut», adierazi zuen El-Bashirrek.

Sudango presidentearen garaipena ulertzeko, kontuan hartu behar da haren bi aurkari nagusiek, Iasser Arman-ek -Sudango Askapenerako Herri Mugimenduko (SPLM) matxino ohien sostengua zuen musulman laikoa- eta Sadek al-Mahdi-k -1989an El-Bashirren estatu-kolpeak indargabetu zuen Umma alderdiko Gobernua zuzentzen zuena-, hauteskundeetan ez parte hartzea erabaki zutela.

Bi hautagai horiek erabaki hori hartu zuten Presidentetzarako hauteskundeetako boto-paperekin nolabaiteko iruzurra egin zitekeela salatu ondoren. Halere, Hego-Sudango biztanleek Iasser Armanen alde egin dute hauteskundeetan. Horrela, nahiz eta berak boikoterako deia egin, bozen %20 bildu ditu.

Hego-Sudango eskualde erdi autonomoan, berriz, egungo presidente Salva Kiirrek, SPLMko buruak, bozen %92,9 lortu ditu.

Haren aurkari bakarra, Sudango diplomaziaburu ohia (2005-2007) eta hegoaldean matxino izandako Lam Akol zen.

El-Bashirrek garaipen borobila lortu nahi zuen hauteskunde hauetan, Mendebaldearen eta CPIren aurrean harro azaltzeko.

«Honek argi eta garbi erakutsiko du herritarrek CPIren jarreraren aurka egiten duela, batez ere Darfurrekoek», adierazi zuen joan den astean El-Bashirren aholkulari Nafie Ali Nafiek.

Darfur eskualdean gerra-krimenak eta gizateriaren kontrako krimenak egin izana leporatzen dio CPIk Omar el-Bashirri.

erreferenduma

Aurreikusita zegoen bezala, Hego-Sudanen independentziarako erreferenduma urtarrilean egingo dela berretsi zuen telebistan El-Bashirrek, hauteskundeetan garaipena lortu zuela jakin ondoren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo