GARA > Idatzia > Ekonomia

Kutxako organoetan aniztasuna bermatzea nahi du Banatuz-ek

Ostiralean batzar eratzailea egingo du Kutxak. Batzar Nagusiko kideen %50 berritu eta Administrazio Kontseilurako eta Kontrol Batzorderako kide berriak aukeratuko dituzte. Banatuz-ek Kutxako organoetan aniztasuna eta demokrazia behingoz errespetatu daitezela eskatu du. Horretarako, Kutxan duen ordezkaritza oinarri hartuta hainbat hautagaitza aurkeztuko ditu.

GARA |

Kutxako Banatuz kontseilari taldeak atzo prentsa ohar baten bidez aldarrikatu zuen datorren ostiralean aurrezki kutxak egingo duen batzar eratzailean, Kutxako organoetan aniztasuna eta demokrazia errespetatu daitezela «behingoz». Aipaturiko batzarrean Kutxak batzarkideen %50 berrituko ditu, baita erakundeko beste gobernu organoetako kide berriak aukeratu ere. Horretarako, Banatuzek proportzionalki izan beharko lituzkeen kideez osaturiko hiru hautagaitza aurkeztuko ditu «behingoz, bezeroek adierazi dituzten sentsibilitate guztiek ordezkaritza izan dezaten Administrazio Kontseiluan eta Kontrol Batzordean, eta horiek ez daitezen izan etorkizunean ere, EAJk bakarrik betetzen eta kontrolatzen dituen organoak».

Izan ere, EAJren hautagaiek postu guztiak hartu izan dituztela azaldu zuen Banatuzek, Batzar Nagusiko 100 kontseilarietatik 51 bere aldekoak zirelako. Baina hilaren 30ean EAJk gehiengo hori galdu egingo duela iragarri zuen. Horregatik, «garaia da Kutxaren ateak aniztasunari eta demokraziari zabaltzeko», aldarrikatu zuen.

Era berean, EAJ eta CCOOren bezeroen hautagaitzek 2008an sinaturiko itunean «Kutxako gobernu organo guztietan parte hartzea eta aniztasuna bultzatzeko asmoa» adierazi zutela gogorarazi zuen Banatuzek. Hala, «hitza betetzen duten ala ez jakiteko atarian gaude, batik bat gaur egun arte horri uko egin dion EAJk zer egiten duen», adierazi zuen. Hala, «ikusiko dugu, Kutxan, herritarren bozen bidez ordezkaritza lortu dugun gainerako taldeoi ordezkaritza izateko dugun eskubidea errespetatzen diguten».

Administrazio Kontseilua

Banatuzek azaldu zuenez, Administrazio Kontseiluan bezeroen ordezkaritza zortzi kidez osatuta dago. Hala, Batzar Nagusirako aukeratu ziren 43 kideetatik EAJk 15 kontseilari eskuratu zituen, beraz, 2,7 kide legozkioke. Banatuzek 12 kontseilari ditu eta 2,2 kide legozkioke Administrazio Kontseiluan. PSOEri, bederatzi kiderekin 1,6, eta CCOOri, zazpi kontseilarirekin 1,3 kide. Ostiralean Administrazio Kontseiluko zortzi kontseilarietatik lau berrituko direnez, EAJk ez lukeela kide berririk aukeratu behar adierazi zuen Banatuzek. Bezeroek hautestontzietan aukeratutakoari begirunez, Banatuzek bi kontseilari izan beharko lituzkeela aldarrikatu zuen, PSOEk bat eta CCOOk beste bat.

EAJ

Orain arte EAJren hautagaiek postu guztiak hartzen zituztela azaldu zuen Banatuz-ek, 100 kontseilarietatik 51 bereak zirelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo