GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Trantsizio «eredugarri» baten aje ikaragarriak

Azken asteotan nazioarteko hedabideei begiratu bat emanda, eman lezake oraintsu ohartu direla Estatu espainoleko trantsizio «eredugarria» ez zela horren eredugarria izan. Baltasar Garzon Madrileko Auzitegi Nazionaleko epailearen aurkako prozesu judizialak munduko begiradak erakarri ditu eta begirada horiek bat etorri dira aurkikuntzari dagokionez: frankismoaren itzala sumatu dute. Deigarriago suertatzen da, ordea, Estatu espainolean bertan ere frankismoaren aparatuen iraupena ondoen ordezkatzen duen Auzitegi Nazionaleko epaile aktiboenetakoa auzipetu arte itzal horri erreparatu ez izana. Deigarria hainbat intelektualek eta bere burua ezkerrekotzat jotzen duten politikari ugarik frankismoarekiko hausturari uko egin zion trantsizioa, harekin negoziatu eta hark ezarritako baldintzak irentsi zituena, esportatzeko moduko prozedura txalogarri gisa aurkeztu izana orain artean.

Estatu espainolaren gabezia demokratiko larri horretaz atzo goizean ohartu zirenek txintik esan gabe onartu zuten Manuel Fraga «demokraten» klubean. Inoiz ez dute zalantzan jarri Jaime Mayor Orejaren izaera demokratikoa, ezta frankismoa «baretasun apartako» garaia izan zela esan zuenean ere. Eta ez dute zalantza izpirik izan Arantza Quiroga demokrata osoa dela, are gutxiago PSErekiko itunari esker Gasteizko Parlamentuko presidente izanik. Hala ere, Quirogak atzo esan zuena beharbada onartezina iruditzen zaie, eta hala da, baina ez da ezustekoa. Euskal Herrian behintzat ez da ezustekoa Quirogak frankismoaren biktimei eraso, eta segituan Gernikan haien omenezko ekitaldira joatea. Hainbati sumatzea horrenbeste kostatu zaien hori ez zen sekretua, Quirogak atzo salatu nahi zuena, hain zuzen, bere alderdiak egindakoa da-eta: 36ko gerran gidari izan zituzten ezinikusia eta gorrotoa belaunaldiz belaunaldi helarazi dituzte -Quirogaren hitzek ezin ageriago utzi duten bezala-, eta Euskal Herrian beste inon baino gordinago jasan izan eta jasaten dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo