GARA > Idatzia > Euskal Herria

Donostiako gazte auzipetuak Arartekoarekin bildu dira babes bila

Donostiako hemezortzi gazte independentistek zortzi urteko espetxe zigor eskariari aurre egin beharko diote ekaina amaieran abian jarriko den epaiketan. Proiektu politiko guztiak askatasunez garatu ahal izateko, auzipetuak lanean ari dira eragile eta alderdiekin.

p016_f02.jpg

Oihana LLORENTE |

Ekainaren 28tik uztailaren 8ra bitarte hemezortzi gazte donostiar epaituak izango dira Auzitegi Nazional espainolean. Segi gazte erakundeko kide izatea egozten diete eta zortzi urteko espetxe zigorra ezarri nahi diete.

Euren aurkako epaiketa politikoa dela iritzita, alderdi politiko eta eragileen atxikimendu bila jo dute. Arartekoak ere harrera egin zien atzo. Iñigo Lamarkak auzipetutako gazteen ahotik entzun ahal izan zituen 2007ko urritik abendura bitarte egindako polizia operazioan jazotakoa, eta horren ondorioak.

Izan ere, orotara 26 gazte donostiar izan ziren polizia operazioan atxilotutakoak. Lehenengo hamaika gazteek egunak eman zituzten Polizia espainolaren eskuetan inkomunikatuta, eta guztiek tratu txarrak jasan izana salatu zuten. Gainerako hamabost donostiarrak euren kabuz aurkeztu ziren Auzitegi Nazional espainolean, baina epaileak deklarazioa hartu beharrean, atxilotzeko agindua eman zuen. Hauek ordea, ez zituzten inkomunikatu.

Orain, epaiketaren atarian, «Eten ditzagun ilegalizazioak eta debekuak proiektu politiko guztien alde» goiburua duen adierazpena sortu dute. Bertan proiektu politiko guztiak askatasunez garatzeko eskubidea exijitzeaz gain, epaiketa politiko guztiak eta tortura arriskuak saihesteko inkomunikazio aldia bertan behera geratzeko eskaria plazaratzen dute.

Eskaera horiez gain, hiru konpromiso galdegiten ditu manifestuak. Ekainaren 5ean egingo duten agerraldian zein ekainaren 19an egingo duten manifestazioan parte hartzeko gonbidapenaz gain, Madrilen izango den epaiketara bertaratzeko eskatzen diete eragileei.

Auzo anitzetako elkarte, gazte asanblada eta jai batzordeez harago, indar politikoekin ere bildu dira jada, hala nola Eusko Alkartasuna, Aralar, Alternatiba, EAJ eta ezker abertzalea, baita Lokarri, LAB eta hainbat gazte eragilerekin ere. Maiatza amaiera arte babes bila arituko dira lanean.

webgunea

«www.donostiakoauzi petuak.com» webgunea abian jarri dute, eta haren bidez 34 eragilek eta ia 400 lagunek babesa eskaini diote adierazpenari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo