Alpinismoa Annapurnara igoera
Oh Eun Sun eta Oiarzabal, biak gaur doaz gailurrerantz
Pasaban Shisha Pangmako beheko kanpalekuan egongo da bihar arte.
Arnaitz GORRITI
Annapurna inguruan eguraldiak hobera egin ahala, han dabiltzan espedizioek tontorrerantz egitea erabaki dute. Hala, inguru horietan diren bi mendizale garrantzitsuenetakoak, Oh Eun Sun korearrak eta Juanito Oiarzabal gasteiztarrak gaur bertan ekingo diote gailurrerako bideari. Annapurnako gaina zapaltzeko aukera bakarra izango omen da gaurkoa, bihartik aurrera ekaitza lehertzeko arriskua dagoela adierazten baitute eguraldi iragarpenek.
Laugarren kanpalekua 7.100 metrotan jarri du Juanito Oiarzabalek, Carlos Paunerrek eta Tolo Calafatek osaturiko espedizioak, eta atseden hartzen eta hidratatzen ari dira mendizaleak. Eguraldi txarra iritsi aurretik, «ahal bezain arinen» zapaldu nahi dute Annapurnako tontorra, eta «gutxienez bederatzi bat ordu» beharko dituztenez, goizean goiz abiatuko dira. Gailurra zapaldu ostean, gaua laugarren kanpalekuan bertan igaro nahiko lukete, eta bihar bertan egin beheko kanpalekurainoko bidea.
Oh Eun Sunen espedizioa ere astearte goiza noiz iritsiko zain egon da. Igandean jo behar zuen Annapurnako gailurrerantz, baina eguraldi txarrak ez zion aukerarik eman. Ondorioz, ez dago gaurko abagunea pasatzen uzteko prest. «Igoera segurua izango delakoan nago», aipatu du Miss Oh deiturikoak bere webgunean, eta laugarren kanpalekutik, 7.200 metrotan, Annapurna tontorreko 8.091. metroraino iristeko gertu omen dago.
Izan ere, zortzi mila metroz goitik munduan dauden 14 mendiak igoko lituzkeen aurreneko emakumea litzateke Oh Eun Sun. Black Yak enpresak babestuta, bederatzi sherpak eta eskarmentudun makina bat mendizalek lagunduko omen diote korearrari aipatu balentria burutzen. Horrez gain, Hego Koreako KBS telebista katearen aurreneko kanalak bi kamera jarri ditu bere herrikidearen igoera saioa satelite bidez zuzenean -azkenengo bi orduak, antza denez- jarraitzeko.
Nahiz eta azkenaldian Kangchenjungako gailurra benetan zapaldu duen ala ez polemika piztu den arren -esaterako, 86 urteko Elizabeth Hawley kazetariak, Himalayako orakulu ezizenaz ere ezagutuak, alegia, zalantza hori sinesgarria dela adierazi du- 43 urteko korearrak ez du aukera hau pasatzen laga nahi, eta Edurne Pasabanek Shisha Pangma igo aurretik zapaldu nahi du Annapurnako gailurra, bi mendizaleon arteko aspaldiko «norgehiagoka» bereganatuz horrela.
Beheko kanpalekuan
Bere aldetik, larunbatean Katmandutik abiatu ostean, Edurne Pasabanen espedizioa Shisha Pangmako Txinako beheko kanpalekura, 5.200 metrora, iritsi da dagoeneko.
Hasierako planen arabera, gaur bertan ekin behar zion mendizale tolosarrak eta bere taldeak zortzimilako mendien artean txikiena den hau -8.027 metro- igotzeari, baina jakekin -Himalayako bisonte iletsuekin, alegia- izandako arazoak tarteko, gaurko eguna 5.200 metrora eman beharko dute eta, bada, bihar igoko dira beheko kanpaleku aurreratura, eta Pasabanen espedizioaren oinarrizko kanpalekua izango da berau.
Everest gailurrera iristeko zailtasunak handitu zaizkio Josu Ortubay-ri. Gasteiztarra kide duen Artepan espedizioak ezarritako lehenengo kanpalekutik gertu elurrolde bat gertatu da eta goranzko bidea itxi du. Okerrena, berriz, Hungariako mendizale bat desagerturik dagoela da, arin zauritutako beste pertsona batez gain.
«Benetako miraria izan da jende gehiagok min hartu ez izana, jendea gorantz zihoala gertatu da-eta elurroldea», adierazi du mendizale arabarrak.
Ondorioz, Artepan espedizioa beheko kanpaleku aurreratura itzuli beharko da tontorrerako bidea garbitu edo beste bideren bati ekitea erabaki arte. A. G.