Erremontea Berpiztu nahian
Publiko berria erakartzeko asmoz jaio da Oriamendi
Ostegunean emango ditu lehen pausoak enpresa berriak, Uharteko Euskalen irekiera txapelketa batekin.
Jon ORMAZABAL
Galarreta enpresak ateak betiko itxi eta hilabete eskasera, ostegun honetan emango ditu, Uharteko Euskal Jai Alain, bere lehen pausoak haren hutsunea betetzera datorren Oriamendi enpresa berriak, irekiera txapelketa batekin. Maxi Sanper buru duen talde kudeatzaile berriak oso argi dauka erremonteak etorkizuna izan dezan, kirola modernizatu eta publiko berria erakartzea behar-beharrezkoa dela eta horretara bideratuko dituzte ahalegin guztiak.
Martxan jarritako lehen ekimena zaharkituta geratu zen Galarreta pilotalekua garai berrietara egokitzea izan da, eta berritze lanek beste hilabete inguru beharko dutenez erabat amaituta egoteko, Uharteko Euskal Jai Berri izango da partiden egoitza nagusia.
Zale berriak, bereziki gazteak sortzeko duten ahalmenean ikusten dute erremontea berpiztearen ardatza eta asmo horretan hainbat ekimen jarriko dituzte abian. Hasteko, 25 urtez azpikoentzako sarrerek 5 euro balioko dute eta edari bat hartzeko aukera emango dute; gainerakoentzat 15 euroko salneurria izango dute, tragoa barne.
Apustu molde berriak
Ikusle kopuruaz baino, pilotalekuetan egindako apustuez bizi izan da erremontea urte askoan eta hauek izandako beheraldiari erantzutea da Oriamendiren beste erronka handienetako bat. Apustuzaleak berriz ere animatzeko, artekariek kobratzen duten komisioa txikitzeko erabakia hartu dute. Lehen jasotzen zuten %16tik %10era murriztuko da ostegunetik aurrera.
Aurrera begira beste ekimen batzuk ere badituzte buruan, hala nola apustu txikiagoak egiteko aukera eskaintzea -10 eurotako apustuak onartuko dira- edota kiniela eran ere apustu egiteko aukera egongo da.
Profesionalei dagokienez, Oriamendi 32 pilotarirekin jaio da -Galarretan zebiltzanak- eta, printzipioz, arratsaldeko lauretan hasiko diren jaialdiek launa partida izango dituzte, orain arte Hernaniko pilotalekuan egin ohi zuten bezala.
Txapelketa azkar batekin -bi finalerdi eta finala- itzuliko da kirol lehia. Erremontearen itzulera egunean, osteguna hilak 29, bi finalerdiak jokatuko dira: Ezkurra-Etxeberria III.a Uterga-Urrutia I.aren aurka eta Zeberio II.a-Lizaso Urriza-San Miguelen aurka. Irabazleek maiatzaren 1ean jokatuko dute garai berri honetako lehen finala.