GARA > Idatzia > Kultura

Kakiturri-Ehari eta Aramaioko taldeek jokatuko dute Arabako Kuadrilla arteko lehenengo finala

Dagoeneko erabakita dago nortzuk arituko diren maiatzaren 8an Arabako Kuadrilla arteko lehen Bertsolari Txapelketako finalean. Aramaiok igandean eskuratu zuen txartela eta Kakiturri-Eharirekin egingo du topo.

p043_f01_97x76.jpg

GARA | GASTEIZ

Giro paregabean ospatu zen pasa den igandean Arabako Kuadrilla arteko Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalerdia Amurrion. Aiaraldeko Altubepekoak eta Aramaioko taldea aritu ziren kantuan eta azken hauek lortu zuten datorren maiatzaren 8an, Gasteizko Landatxo kantxan ospatuko den finalerako sailkatzea.

Andere Arriolabengoa, Manex Agirre, Iker Agirre eta Xabi Igoak osatu zuten talde garailea eta Unai Mendibil, Iker Ibarrola, Serapio Lopez, Ainhoa Comas eta Julen Eizagirrek osatutako etxeko taldeak ezin izan zuen finalerako behar zuten puntua lortu.

Aramaio koska bat gainetik aritu zen arratsalde osoan zehar. Gorabeheratsu hasi zen saioa eta bakarkako lanetan entzun ziren alerik ederrenak. Umorerako ere izan zen tarterik, koplatan egindako bertsoaldian.

Bertso jarriak

Bestalde, bat-bateko saioaz gain, bertso jarriak entzuteko parada ere izan zen. Izan ere, paraleloan jokatzen ari den txapelketa honen barruan aritu ziren Amurrion bertako bertso-eskolakoak, Aramaioko bertsozaleak eta Errioxakoak. Hauen artean ere, Aramaiokoak izan ziren nagusi eta, honenbestez, maiatzaren 8ko finalean izango dira, Gasteizko Martin Tipia eta Aldapazaleak taldeekin batera. Araba gaitzat hartuta kantatu beharko dute hiru taldeek.

Saioa bazkari baten ostean jokatuko da eta sarrerak dagoeneko eskuragarri daude bertsosarrerak.eu atarian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo