GARA > Idatzia > Kultura

Gernikan izan nahi zuen Oteizak, eta bertako Euskal Herria Museoan da «Oteizaren Gernika»

 Gernikako bonbardaketaren 73. urtemuga egunean bertan, «Oteizaren Gernika» erakusketa aurkeztu zuen Euskal Herria Museoak, Mendibururen eta Basterretxearekin hasitako sortari segida emanez.

p040_f02_097x140.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

2008an Remigio Mendibururen Gernikarekin hasi zuen sortak Nestor Basterretxearekin izan zuen segida iaz, eta Jorge Oteizarekin aurten.

Gernikako bonbardaketaren 73. urtemuga egunean aurkeztu da «Oteizaren Gernika», oriotarraren 25 artelan biltzen dituen erakusketa. Lan guztiak Altzuzako Oteiza Museoak utziak dira, eta Gernikako Euskal Herria Museoan izango dira uztailaren 25a arte.

Atzoko aurkezpenean, «Oteizak Euskal Herriaren erreferente sinbolikotzat zuen Gernika» esan zuen Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatuak, ondoan zituela erakusketaren antolatzaile Xabier Saenz de Gorbea eta Altzuzako Oteiza Museoaren zuzendari Gregorio Diaz Ereño.

Bere etxea

Saenz de Gorbearen esanetan, «Oteizak beti egon nahi izan zuen Gernikan» -idatzia utzi zuenez- baina ez zuen atsegin izango aurkezgai dugun erakusketa». Ez zitzaion gustatuko, «eta artea apaingarri gisa ulertzen ez zuenez», kexatuko zen, «hori baitzuen hobe beharrez erabiltzen zuen estrategia, hobetzeko». Erakusketa, «historiari botatako pultsua da, arrakastez eta porrotez hitz egiten duten lanak dituena».

Erakusketako lanen artean, bada argazki eder bat, Oteiza eta emazte Itziar agertzen dituena, Gernikako Arbolaren ondoan, -Jorge belaunikatuta-. Baita beste bi ere. Batak 1942an Bogotan (Kolonbia) paratutako «Gernika monumentua» erakusten du, eta besteak 1957ko «Estela para un pueblo pacífico que era Gernika» eskultura, Nafarroako Unibertsitateak utzi ez duen lana.

Gernikan direnen artean, 1973ko «Estela señalando la proximidad de Lemoniz» eta «Estela funeraria para un lugar en el País Vasco (Itziar)» eskulturak, biak 1973koak. Eta domina ugari, batzuk Gernikako Arbola eta besteak Picassoren Zaldiaren irudia dutenak (gehi marrazkiak).

Diaz Ereño, bere aldetik, pozik agertu zen, erakusketa egiteko lanak utzi izanaz. «Orain urtebete jaso genuen proposamena, eta itzel iruditu zitzaigun asmoa». Haren esanetan, «erakusketak Oteizaren lanak baino, bere sentimenduak agertzen ditu» eta oriotarra Gernikara hurbildu izana «Oteiza etxeratzea da».

«Ene lekua, Gernika» idatzi zuen Jorge Oteizak

2002an, Gipuzkoako hiriburuko Paseo Berrian bere lan bat jartzekoa zela, «ene lekua ez zen Donostia, Gernika baizik» idatzi omen zuen Oteizak, Xabier Saenz de Gorbea erakusketaren antolatzaileak «Gernika, aberria» saiakeratxoan azaltzen duenez: «Gipuzkoako artistarentzat, Gernika eta `Guernica', ezkutatzen den errealitate bateratu baten bi maila dira... 1978an, artistak bere sinadura eman zion Gernikako bonbardaketaren ilakarien batzordeari, eta batzorde horrek jardunaldi batzuetan parte har zezan eskatu zion. 1981ean, `Guernica-Gernikara' kanpainari atxiki zitzaion, eta aldarrikatzeko ekitaldietara gonbidatu zuten». Picassoren margolana berreskuratzea eskatu eta hauxe idatzi zuen, «Mi propuesta de violencia cultural en defensa del `Guernica Gernikara'» artikuluan (1981eko abuztuaren 4an): «Badago ekintzena den espazioarekiko politika. Badago hitzena den denborarekiko politika».

Saenz de Gorbearen ustez, «Oroimen historikoa berreskuratu nahi du erakusketa honek. Jorge Oteizaren lan apartari zor zaiona aitortzea da erakusketaren helburua, baita foru-hiribildua gogora ekartzeko bere ahalegin ukaezina adieraztea ere». Izan ere, antolatzailearen hitzetan, «Bertoko historia eta ikurrak kontuan hartzen ditu», eta Jorge Oteizaren (1908-2004) «aberrietako bat da Gernika». A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo