Autonomia Eraiki-k hizkuntz gutxituen arloko lan taldea eskatu du NBEn
GARA | BAIONA
Hirugarren urtez, Autonomia Eraiki kolektiboko eta Garaibide elkarteko ordezkaritza bat New Yorken ospatu den NBEko Herri Indigenen Foroan izan da.
Aurten ere hitza hartzeko aukera izan dute herri autoktonoen eskubideez arduratzen den batzordean eta, besteak beste, hizkuntza eta kultura gutxituen eta, zehazkiago, euskararen egoera larriaz mintzatu da Jojo Bidart kazetaria.
Hezkuntzan edota hedabideetan azken hamarkadetan euskarak egindako bidearen zehaztasunak eskaini ditu.
Oraindik, halere, bide luzea egin beharra dagoela nabarmenduta, orokorrean jatorrizko herrien hizkuntzen egoeraz gogoeta sakona egitea proposatu dute. Ez hori bakarrik, Foroko «gai iraunkor» izan dadin ere eskatu dute, eta norabide horretan «estrategia eraginkorrak» bultzatzeko lan talde berezia sortzea komeni dela azaldu dute.