GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Zortzimilakoen lehia, «Miss»-en borroka

Astelehen gauean Joxe Agirre bertsolari azpeitiarra telebistan hizketan ikusi nuen eta, berehala, Maialen Lujanbioren irudia etorri zitzaidan burura. Segidan, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian txapela ipini ondoren eskaini zion bertsoa eman zuten. Besteren artean, txapelketan egindako lana goraipatu eta inoiz emakume batek lortu ez zuena eskuratu izanagatik zoriondu zuen. Bertso hunkigarri eta gozoa.

Emakumeen lorpenez pentsatzen hasi nintzen orduan. Ez zen ideia obsesiboa izan, baina gau eta egun nirekin eraman dut bazter batean gordeta lerro hauek idatzi ditudan arte. Nahi gabe, Oh Eun Sun alpinistari buruzko berriak iritsi ziren Annapurnatik.

Miss Oh-k 8.091 metroko gaina egin zuen eta, Lujanbiok bere eremuan egindako lorpena bezala, munduko hamalau zortzimilakoak igo dituen lehenengo emakumea izatea lortu du. Hamahiru ordu pasatxo behar izan zituen Annapurnako gailurra zanpatzeko; oxigenorik gabe iritsi zen 44 urteko kirolari asiarra.

Gertakariaren berri izatean, ordea, ezin izan nuen orain egun batzuk piztutako eztabaida atzean utzi. Dirudienez, Miss Oh-k azken-aurreko gailurra egin zuenean, zalantzan jarri zen benetan tontorrera iritsi zen ala ez. Tartean, Edurne Pasabanen adierazpenak: «...edo garrantzia duen nire ibilbidea deuseztatzeko. Min ematen du gai honen inguruan sortu den eztabaida hemendik ikusteak», idatzi zuen Pasabanek webgunean.

Nahiago izango nuke Edurne Pasaban Maialen Lujanbioren maila berean ikusterik izango banu aurrerantzean. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo emakume txapelduna mundu osoan barreiatuta dauden hamalau zortzimilakoak igotzea lortu duen lehenengo emakume alpinistaren ondoan, eta biak euskal herritarrak. Oraingoz, bada, ez da posible izango biak estatus berean ikustea eta ez dut uste aurrerantzean egoera gehiegi aldatuko denik, froga zehatzik ez badago ez baitiote Miss Oh-ri lortutako garaipena kenduko. Gainera, lortu duela egia bada bederen, eraman dezala berak, berea izango zen-eta meritua. Hemendik aurrera, ordea, ez dadila bertsotan hasi, Lujanbioren zortzimilakoa nekez igoko luke eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo