GARA > Idatzia > Kultura> Musika

«Disko honetan, nagusiki, ahotsari eta mezuari eman diogu garrantzia»

p044_f01_250x136.jpg

Mikel Arriaran eta Andoni Iñurrategi

Never Surrender taldeko gitarrista eta abeslaria

«11 istorio, bROnCKa ta gau ero!» du izenburu Never Surrender taldearen iraupen luzeko bigarren diskoak. Punk-rock giroko hamaika kantu batu dituzte taldeak berak 108 Records zigilupean argitaratu duen lanean. Diskoa kalean dela, zuzeneko kontzertuak dira erronka nagusia. Gaur, Gasteizko gaztetxean arituko dira eta, bihar, Azpeitiko Txarrantxan.

Koldo OTAMENDI | DONOSTIA

Jauzi handia egin zuen Never Surrender taldeak 2008. urtean «Aurrerapenaren izenean» diskoa argitaratzearekin batera. Musika norabide berria marraztu zuten lan horri esker, kontzertu ugari eskaini ahal izan zituzten, eta taldearen musika Euskal Herri osora zabaltzea lortu zuten, beti ere underground giroetan. Lehen urteetako punk-oi! giroetatik gero eta urrunago, punk-rock amerikarra da egun taldearen musika eragin nagusia, eta «11 istorio, bROnCKa ta gau ero!» diskoko kantu berrietan ederki islatzen da egoera hori. Abiadura biziki erritmoak eta ahots melodia gogoraerrazak nagusitzen dira taldeak berak ekoiztu duen diskoan.

Disko berria kaleratzeko autoekoizpena izan da lehen aukera ala zigilu ezberdinekin izan da taldea harremanetan?

Gure lehen diskoa Puzkarra Records eta True Force diskoetxeekin elkarlanean argitaratu genuen duela bi urte eta honakoa autoekoiztea erabaki dugu. Disko berria grabatzen hasi aurretik maketa bat egin genuen lokalean eta kopia batzuk bidali genituen Europa mailako hainbat diskoetxetara. Zenbait zigiluk interesa azaldu zuten diskoa argitaratzeko, baina azkenean guk editatu dugu 108 Records-en, gure zigiluan. Guk diskoa lehenbailehen kaleratu nahi genuen, eta autoekoizpena da biderik azkarrena.

Euskal Herriko ohiko zigiluak kontuan izan dituzue edo diskoetxe espezializatuetara jo duzue soilik?

Gure lehen aukera Puzkarra Records zigilua zen, baina gaur egun diskoetxea stand by egoeran dago. Gure musika eran espezializaturiko zigiluak izan dira gure lehentasuna eta, hortaz, Euskal Herriko zigiluak ez ditugu kontuan izan. Ez dira guregana etorri eta guk ez dugu horien aterik jo.

Zuen musika era underground eszenan eta zigilu txikietan bizitzera kondenatua dago?

Beti izan da horrela. Eszena horretan mugitzen gara nagusiki: Gaztetxeak, taberna txikiak, herrietako jaiak… Gure publikoa ere eszena horretan mugitzen da eta hori da gure habitat naturala. Musika talde bezala, publiko zabal batengana iristea nahi genuke eta, leku handietan jotzeko deitzen badigute, pozik joango gara. Hori bai, ez dugu galdu nahi orain artean landu dugun guztia disko gehiago saldu eta kontzertu handietan jotzeagatik. Garena gara gure ikusleriak honaino ekarri gaituelako, eta gure ikusleria underground giroetan dago nagusiki.

Hasierako musika eraginak etxean bertan topatu zenituzten. Musika eszena aberatsa egon da betidanik Arrasaten.

Taldea sortu genuenean Enboskada, Des-Kontrol, Kañeria 13 eta Arkada Social entzuten genituen, besteak beste, eta talde horien alboan eman genituen lehen urratsak. Gure lehen pausoak musika era horretan eman genituen eta talde horien eraginak antzematen dira gure lehen kantuetan.

Kantu berrietan, ordea, badago musika garapen nabari bat.

Orokorrean, aurrekoak baino kantu laburragoak dira disko berrian agertzen direnak. Zuzenerako begira eginak daude, eta erritmoz azkarragoak eta ahotsetan melodikoagoak dira. Gure musika eraginak aldatu egin dira azken urte hauetan eta sorkuntza prozesuan ere eragina izan du. Zortzi urte joan dira jada taldea martxan jarri genuenetik eta gero eta gertuago gaude egin nahi dugun musikatik.

Musikalki taldeak nabarmen egin du aurrera lan berri honetan, baina ahotsetan nabari da garapen handiena.

Disko honetako erronka nagusi bat ahotsen langintza izan da. Bateria, baxua eta gitarrak Shot! estudioetan grabatu genituen eta kantu horien gainean landu ditugu ahotsak eta koruak. Disko honetan ahotsari eta mezuari eman diogu garrantzia nagusiki. Aurreko lanean arantza bat geratu zitzaigun sartua ahotsen langintzari dagokionez, eta honakoan atera dugulakoan gaude. 

Aurreko diskoak ingelesez abesturiko bi kantu zituen. Honakoan, euskara hutsean egin dituzue letra guztiak. Horrela atera dira ala erabaki bat dago horren atzean?

Horrela atera dira, baina bada erabaki bat horren atzean. Guk entzuten dugun musikaren %90 ingelesezkoa da, eta horrek eragin zuen aurreko diskoan bi kantu ingelesez egitea. Hala ere, konturatu gara ez dugula nahi adina transmititzen ingelesez abestuta. Gure bizitza hemen dago, hemen dugu gure publikoa, eta, beraz, gure sentipenak euskaraz azaltzea da normalena.

Kantuen hitzetan, futbola, ostiak, alkohola eta horrelako gaietatik aldendu zarete.

Musika giro honetan asko erabiltzen diren gaiak dira, baina inoiz ez da gure eremua izan. Agian, Enboskada taldearekin batera egin genuen disko horretan badira punk-oi! giroko topiko batzuk, baina beti saiatu izan gara hortik aldentzen. Gauza pertsonalak eta gai sozialak uztartzen ditugu gure testuetan, benetan guri inporta zaizkigun kontuak. Disko honetan gizartearen inguruko kritika gehiago dago, eta, zentzu horretan, ostia txar handiagoaz idatzita daude kantuak. Finean, musikak berak marrazten du letra baten norabidea, eta disko honetan gai zehatzak landu ditugu nagusiki.

Diskoaz gain, «Langileentzat» kantarekin bideoklipa egin duzue.

Lantegi zahar batean grabatu genuen zuzeneko emanaldi baten gisara. Grabaketa egiteko diru gutxi eta bitarteko eskasak izan arren, bideoklip duin bat egitea lortu dugu lagun arteko langintzan. Musika talde askok erabili dituzte lantegi zaharrak bideoklipak egiteko, eta horretan ez gara oso originalak izan. Alta, kantuak horrelako kokagune bat eskatzen zuen ezinbestean. 

Bizi dugun garairako kantu ezin aproposagoa da honakoa.

Bai. Kantuaren hitzek langabeziaren arazoa ukitzen dute zuzenean. Gaur egun bizi dugun egoera ilunarekin bat dator kantua, eta guk gertutik bizi izan ditugu ondorioak. Hitzak idazterakoan taldeko kide batzuk langabezian ginen, eta kantuak islatzen du garai horretan bizi genuen etsipen egoera. Amorruz eta inpotentziaz idatzitako kantu bat da.

Fitxa

Taldea: Never Surrender.

Diskoa: «11 istorio, bROnCKa ta gau ero».

Diskoetxea: 108 Records.

Kantu kopurua: Hamaika.

Sarean: myspace.com/neverarrasate.

Zuzenean:

GAUR: Gaztetxea (Gasteiz).

BIHAR: Txarrantxa (Azpeitia).

Hitzak

«Ohikoan, kantu baten musikak marrazten du hitzen norabidea. Eta, zentzu horretan, disko honetako letra gehienak ostia txarrez idatziak daude»

Musika era

«Urte hauetan guztietan gure musika garatuz joan da. Gaur egun gertuago gaude amerikar punk-rock eszenatik, gure hastapenetako punk-oi! giroetatik baino»

Arrasate, street-punk musikaren hiriburua

Arrasaten musikak bor-bor egiten du txoko guztietan. Gaztetxea, 3 aretoa, Deposituko entsegu lokalak, Shot! estudioak... Euskal Herriko rock musikaren historian ezinbesteko gunea izan zen 80ko hamarkadaren hasieran, eta geroztik etengabean sortu dira musika taldeak belaunaldiz belaunaldi. Musikalki herri anitza izan daitekeen arren, street-punk edo kaleko punka deituriko musika eraren fronte nagusia izan da gurean rockak eztanda egin zuenetik. Besteak beste, RIP, Zakarrak, eta Iskanbila talde aitzindariek ezarritako zutabeek tinko iraun dute, eta belaunaldi berriek segida eman diote musika era oldarkorrari.

Urteetan horren atzera begiratu gabe, Des-Kontrol, Arkada Social, Kañeria 13 edo Never Surrender bezalako taldeek arrasto esanguratsua utzi dute gaur egun sortzen ari diren talde gazteen artean. Musika eszena honen adibiderik argiena, 2008an argitaratu zen «25 Hits of Mondra Underground Sounds» disko konpilazioa izan daiteke, Arrasateko punk-rock musika mugimenduaren dokumentu historikoa, zinez. Koldo OTAMENDI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo