GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Beñi Agirre I Euskara irakaslea

Memoria harilkatzen

Ez ditugu aldarrikatzen eduki genituenak, izan ginena eta garena baizik. Gure etorkizunaren jabe izateko eskubidea dugu. Memoria historikoaren haria ez diezagutela eten aldarrikatzen dugu, gurea, izakia pertsona izaten hasi zenetik gaurdaino ardatz berean etengabe euskaraz harilkatzen ari dena

Aitona-amonek artilea harilkatzen zuten antzera harilkatzen da memoria histo- rikoa: etenik gabe. Gaur egun memoria historikoa aipatzen denean, 1936-39ko faxista aldira edota ondoko garaietara mugatzeko joera dago. Gehienez ere, atzera egite susmopean gainera, karlistaldietara jotzen da. Badirudi, euskaldunon oroimena foruekin, kontzertu ekonomikoekin eta Bigarren Errepublika espainiarraren Euzko Jaurlaritzarekin hasten dela. Aurretik garrantzizko ezer gertatu izan ez balitz bezala.

Lurraldearekin lotzen den memoriaz ari garenean, maiz, oraingo probintzia-marren barruan gertatu izan denari buruz aritzera kondenaturik gaudela dirudi. Batzuetan, Nafarroa Garaiari buruz soilik hitz egiten dugu, beste batzuetan, hiru probintziekin batera eta, bere burua aurrerakoitzat hartzen dutenek, agian, Iparraldea ere sartuta. Tokikoaz hitz egiten dugunean «herrikoa» esaten dugu, eta askotan, norberaren herriko historia deskubritzen saiatzen gara zein testuinguruan garatu duen historia kontuan hartu gabe. Kobazulo eta mitologiatik Espainiarekin edota Frantziarekin lotura izan denera pasatzen gara jauzi handia eginez, tartean dagoen hori ilun eta beldurgarria balitz bezala.

Munduaren sorreratik gaurdaino orain ezagutzen ditugun muga-marra berberak izan balira bezala jokatzen dugu. Lehenengo, intereseko lurralde-marra marrazten dugu, eta gero, espazio horri dagokion historia kontatzen saiatzen gara, norberak bere ikuspuntutik. «Nongo» historiaz aritzen gara «noren» bigarren mailara baztertuta. Euskal Herriko/Euskal Herriaren edo Nafarroako/Nafarroaren historiaz ari ohi gara nafarren, euskaldunen edo baskoien historiaz aritu beharrean.

Iraul dezagun, beraz, oinarrizko abiapuntua eta euskaldunon, nafarron, baskoion bilakaeraz egin dezagun hitz. Garonatik Ebroren hegoalderaino eta Oka mendietatik Pailarserainoko lur eremuan euskaldunok, nafarrok, baskoiok izan dugun berariazko habitat horretan gizon-emakumeok Aitzin Arotik gaur egun arte, etenik gabe, garatu dugun gizarteaz egin dezagun hitz. Norberak bere ikuspegitik, jakina, baina marko horretan izakiak garatu duen ondareaz, hizkuntzaz, identitateaz eta ekonomiaz egin dezagun hitz.

Izakiak nomada izateari utzi eta haitzuloetan garatzen hasitako kultura aberatsa izan da gurean. Erromaniko nafarra lurralde osoan dago zabaldurik: San Joan de la Peña, Naiarako Santa Maria la Real... Gure ondare materialak dira zuzenbide piriniarrean oinarritutako Foru Zaharra, jabetza kolektibokoak diren lur komunalak, Ilustrazio garaiko merkataritza-erakundeak eta XIX-XX. mendeetako industria jardunerako sortutako azpiegiturak. Ez materialak baina ondarea dira auzolana, kooperatiba moduko sistema ekonomikoa edota euskara.

Gorputzean daramagun kode genetikoak modu bateko edo bestelako fisikoa ematen digun bezalaxe, hizkuntzak, hizkuntzaren barneko kode eta unibertsoak, modu bateko edo bestelako identitatea ematen digu. Euskarak berariazko unibertsoa du, propioa, bereizia; ez beti bereizgarria, askotan, unibertso zati bat partekatua izaten baita. Esadazue, bestela, nola eman daitekeen beste hizkuntzetan hain esanahi berezia duen «auzolan» euskal hitza. Nola eman «trabajo comunal» (Elhuyar) baino askoz gehiago den auzoko bizilagunen artean denona den edo beharra duenarena den ondasunetan egiten den lana? Edo nola eman euskaraz zein beste edozein hizkuntzaz «saudade» galiziar-portugaldar hitz malenkoniatsua?

Hizkuntzak, beraz, bere barnean gordetzen ditu mintza-herriak bereak dituen bizi-sistemaren kodeak, eta belaunaldi berriei hizkuntza transmititzen zaien neurrian betetzen dituzte hauek. Bizitzaren unibertsoaz gain, gertaerek ere eragiten dute herri baten izaeran. Frankoei Orreagan bitan bataila irabazi izanak bezala Atapuercan gaztelarren aurrean izandako porrotak edo Noaingo sarraskiak markatzen dute herri honen izaera, identitatea. Habitat zehatz batean egokitutako edozein izaki gal daiteke ekosistemaren aldaketak eraginda, kultura zeltiberoa adibidez; ohikoena, ordea, kanpoko erasotzaile indartsu baten inbasioaz galtzea izaten da, adibidez, zebra muskuiluak urtegietan edota euskal-nafar unibertso eta erakundeen gainean mendeetan erabilitako jazarpenaren ondorioz auzo-estatuek euskal herritarrak ezabatzean lor lezaketena.

Euskal-nafar herri identitatea ezabatzea, ordea, egoera oso gogor eta muturrekoetan bizitzen ikasia den herria desagerraraztea da; ez da eginezina, egingaitza baizik, ez da zilegi, baina, horretan dihardute. Aitzin Arotik gureak baino indartsuagoak izan diren osteei aurre egiteko, nazioartean aitortua izango zen estatua sortzeko, diru-txanpon propioa zizelkatzeko eta gaurdaino bere hizkuntza bizirik iraunarazteko gaitasuna erakutsi duen herriak, idatzia izan ala ez, badu memoria historikoa.

Euskal, nafar edo baskoi herriaz aritzea, hortaz, habitat berean identitate bera garatu duen herri berberaz aritzea da. Jatorrian euskaraz mintzo zena, bere habitat naturala defendatzeko erakundeak sortu, solidaritatean oinarritutako ekonomia landu, kode zibil propioa ezarri eta besteena errespetatuz identitate propioa eta unibertsala garatzeko gai izan dena. Auzo-herriak, ordea, piztia inbaditzaileen antzera, ez datoz mestizaje aberasgarria eskaintzeko asmoz, dagoena ezabatu eta berea inposatzeko nahian baizik. Gure herriaren memoria historikoak ongi asko jaso du hori. Nazioa gara, eta identitate propioa dugu. Estatu propioa izan genuen eta bortxaz suntsitua izan zen. Legedi propioa bagenuen eta bestearenak ordezkatua izan da. Hala eta guztiz ere, ez ditugu aldarrikatzen eduki genituenak, izan ginena eta garena baizik. Gure etorkizunaren jabe izateko eskubidea dugu. Memoria historikoaren haria ez diezagutela eten aldarrikatzen dugu, gurea, izakia pertsona izaten hasi zenetik gaurdaino ardatz berean etengabe euskaraz harilkatzen ari dena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo