GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria I Irakaslea

Gure zergak gure beharretarako!

Herri Urrats heldu zaigu eta bertan parte hartzeko beharra garrantzitsua izanen da aurten. Izan ere, Hegoaldetik etorri ohi zen dirua ez baita heldu, ondorioz Seaska diru beharretan egonen da

Azken egun hauetan irakur zitekeen frantses prentsan Suitzako presondegi batean bere ziegan preso bat hil zela koltxoian su eman ondoren. Aldiz, ez zen inon aipatzen «euskal preso bat ziegan sua azkartzen ari zen bitartean, atearen kontra joka aritu ondoren zauritu da eta kea arnasteagatik ospitalera eramana izan da». Frantses prentsa jarraikia da informazioa eskaintzeko orduan. Albistegi hautatua hedatzen da eta Frantziaren menpeko lurraldeetan dauden benetako arazoak ez dira islatzen.

Maiatzaren Lehena kari antolatuak izan diren manifestaldiak ez dira oso jendentsuak izan. Krisian gaude (batzuek diote bizi guztian krisi egoeran bizi izan direla, langileen egoera ez baita inoiz erraza izan!), baina mobilizatzeko gaitasuna nahiko mugatua gelditzen da. Erretreten kontrako erasoa hastear dago; hau da gobernuak iragarri duen ondoko hilabeteetako helburua. Erantzuna ez bada neurrikoa zailtasun gutxi izanen dute erabaki berrien inposatzeko eta lan denboraren luzatzeko. LABek hamargarren urtemuga ospatu du, sindikatu abertzalea lan munduan eragina azkartzen joan da eta gaur egun oztopo asko gainditu ondoren sinesgarritasuna lortu du. Langileen interesen defentsa ozenki eramaten du eta beste sindikatu batzuen jarrera ezkorrari ez dio bidea errazten. LABek izan dituen emaitzek ez ditu sindikatu frantsesak lasaitzen, sindikatu abertzalearen lan egiteko nahikeria agerian gelditzen baita, helburuak ere, zailtasunak dituzten langileen alde ekiten lehentasuna jarri du, konbentzituz. Lehen hamar urteak emankorrak izan dira. ELBk diplomazia hautatu zuen mobilizazioa toki guztietara deituz. Aurten sindikatu batzuek ez dute LABen baztertzeko aukerarik izan!

Herri Urrats heldu zaigu eta bertan parte hartzeko beharra garrantzitsua izanen da aurten. Izan ere, Hegoaldetik etorri ohi zen dirua ez baita heldu, ondorioz Seaska diru beharretan egonen da. Hau da errealitatea, alegia ikastolen sarea handitzen ari dela eta espero zen dirua baino gutxiago eskuratu dela. Tokiko arduradunek ez diote egoera honi interes handirik erakusten, alegia ikastolek behar dituzten diru laguntzak ematen. Ongi etorria izaten da Hegoaldetik etortzen dena eta Herri Urratsen egunean elkartasun aireak gogo bihotzak alaitzen ditu, baina tokiko hautetsiek euskararen geroa segurtatu behar dute. Max Brissonek dio dinamikak herriko-etxeetatik jin behar duela. Zergak ordaintzen ditugunez, ez dugu zertan ikastolen eraikuntzak ordaindu euskarazko irakaskuntza nahi badugu gure haurrentzat! Frantses irakaskuntza publikoarentzat eraikuntzak herriko etxeek beren gain hartu behar dituzte legeak hala agintzen baitu; gauza bera lortu behar dugu ikastolentzat. Guri dagokigu hautetsien gainean presio egitea finantzamenduen lortzeko. Hau euskararen eremua da, bertakoek horren geroaren babesteko erantzunkizuna dute eta betetzea dagokie. Hau izan behar da defendatu behar dugun norabidea.

Telebistari dagokionez, gauza berdintsua gertatzen zaigu. Aspaldikoa da euskarazko programaren luzatzea frantses telebistako hirugarren katean. «Euskal Herri-Pays Basque» saioa nahiko begiratua izaten da, baina ez du luzapenik lortu. Euskal Telebistak, aldiz, gero eta interes handiagoa piztu du herritarren artean euskarazko programengatik. Horrekin tokiko arduradun eta hautetsiek eskuak garbitzen dituzte eta doi-doi laguntzen dituzte hemengo irratiak eta ez dute inongo indarrik egin telebistako euskarazko saioen indartzeko. Zer egiten dute gure diruarekin?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo