GARA > Idatzia > Kirolak> Real Unión

«Urte osoan lan eta lan aritu dira jokalariak, eta lortuko dute, guk iaz egin genuen bezala»

p036_f02.jpg

Iñaki BERRUET I Real Union-eko kirol teknikaria

Bere herriko taldearen neurketak harmailatik jarraitzera ohitzen ari da Iñaki Berruet. Iazkoa izan zen irundarrarentzat zelaian jokatu zuen azken denboraldia, eta sari gisa Real Union Bigarren mailara igotzen lagundu zuen. Orain, bulegoko lanetan dabil buru-belarri Lopez Ufarte kirol zuzendariarekin batera. Taldeak mailari eutsiko diolakoan dago, jokalariak «moralki, buruz, oso indartsu daudelako».

Imanol CARRILLO I

Stadium Gal futbol-zelaiak duen belarraren kalitateaz miretsita, Iñaki Berruet jokalari ohiak gure galderei erantzun die etxekoen aulkian lasai eserita.

Nola aldatu diren gauzak. Iaz Bigarren mailara igotzea lortu zenuten, eta orain zilarrezko kategorian jarraitzeko ahaleginetan zabiltzate.

Bagenekien oso urte gogorra izango zela, eta mailari eusteko nahiko larri gabiltza. Momentuz hor behean gaude, zuloan; zortzi partida falta dira bukatzeko, eta hortik sei bat irabazi behar ditugu mantentzeko.

Hala ere, talde indartsua da.

Moralki, buruz, oso indartsua da. Badaki zertara jokatu behar duen, momentu txarrak pasako dituela, eta prest dago hor behean jokatzeko. Espero dugu azkenean lan hori borobiltzea mailari eustearekin. Gainera, askotan hitz egiten dut jokalariekin eta oso indartsu daude, bai fisikoki, bai moralki. Badakite oso zaila dela lortzea, baina joko aldetik oso ondo daude.

Denboraldiko azken txanpa honetan aurkari gogorrak izango dituzue aurrean. Horien aurka irabaztea posible al da?

Bai, posible da. Hiru talde ikusi ditut gu baino askoz hobeto jokatzen. Gainerakoak nahiko parean gabiltza. Partidak jokaldi batean, penalti batean... erabakitzen dira. Baina gai gara edozein talderi irabazteko.

Egoera gogorra da, baina are gogorragoa al da zelai barruan laguntzarik eman ezin izatea?

Orain beste lan bat egiten dugu, beste arlo batean, baina hor zelaian ez egotea, lehen nirekin egon zirenekin, niretzat gogorra da. Etapa hori amaitu zen, eta oso ondo gainera.

Non nahiago duzu egon, zelai barruan ala kanpoan?

Barruan egotea nahiago dut. Askoz gehiago disfrutatzen duzu, aldageletan taldekideekin egoten zara, beraiekin hitz egiten duzu, bidaiatzen duzu... Hori askoz politagoa da, baina urteak pasatzen dira eta uzteko garaia ere heltzen da.

Zelaitik kanpo gehiago sufritzen al da?

Bai. Zelai barruan badakizu nola zauden, nola dauden jokalariak. Kanpoan partida ikusten duzu soilik eta ezin duzu askoz gehiago egin. Gehiago sufritzen da kanpoan.

Zein da bulegoan egiten duzun lanaren balantzea?

Gustura nago nire lanarekin. Hasieran dena nahiko berria zen niretzat, ez nuelako honelako lanik behin ere egin. Baina beste taldeetan nola lan egiten duten ikasten joan naiz pixkanaka eta gustura nago orain arte egindakoarekin eta oraindik egin beharrekoarekin.

Gaur gauean Nastic izango duzue aurkari.

Nastic etxean nahiko gaizki dabil, baina Cartagenaren aurkako partida ondo irabazi zuen. Hiru gol jarraian sartu zituen, maila nahiko onarekin. Hurrengo astean, Vallecasen ere irabazi egin zuen. Entrenatzailea aldatu dute, baina gure aukerak izango ditugu lasai egoten bagara.

Datorren denboraldia planifikatzen hasi al zarete jada?

Urte osoa daramagu partida asko ikusten. Bigarren A eta B mailako, eta Hirugarren mailako jokalari asko ikusi ditugu. Bi plan dauzkagu: bata Bigarren mailan jarraituz gero eta bestea Bigarren B mailara jaitsiz gero hartuko duguna. Espero dugu lehenengo plana hartzea. Jokalariak hona ekartzeko, askoz errazago etorriko dira Bigarren A mailan mantentzen bagara.

Iñaki Alonsorengan konfiantza azaldu duzue hasieratik.

Iñaki gurekin dagoen hirugarren urtea da hau. Taldea igo zuen. Konfiantza osoa dugu berarengan, eta uste dugu denboraldiaren amaierara arte egon behar duela, eta ondo bukatu behar duela, gainera.

Ikusi denez, betiko filosofiari jarraitu dio denboraldian zehar.

Horregatik gustura gaude berarekin. Sailkapena begiratzen baduzu, atzean gaudela ikusiko duzu, baina joko aldetik, jarraitzaileak eta gu ere nahiko gustura gaude.

Zaleak ere urtean zehar oso ondo portatu dira taldearekin...

Bai, oso ondo. Iaz oso ondo ibili ziren gurekin, eta aurten, hasieratik, hor egon dira, 3.000-4.000 ikusle bilduz partida bakoitzean. Taldea gaizki dago beheko postuetan, eta jende asko etortzen da Galera, kexarik gabe, animatzera, eta galdu edo irabazi, hor daude. Hori pozgarria da guretzat. Amaitu arte horrela jarraitu behar dute.

Mezuren bat bidaliko al zenieke jokalariei azken txanparako?

Guk iaz askotan esaten genuen aldageletan 'Jo eta ke irabazi arte'. Eta hori esango nieke. Urte osoan lan eta lan ibili dira, eta azkenean lortuko dute, guk iaz lortu genuen bezala.

Aste honetan bertan Reala etorriko da bisitan. Derbi giroa nabaritzen hasia al da Irunen?

Donostiako jende dezente etorri da sarrera erostera. Irunen nabaritzen da partida berezia dela guretzat. Horretarako, gaur Tarragonan irabazi behar dugu, partida berezi hori ilusio handiagoarekin jokatzeko. Guretzat bereziagoa izango da, urte asko egon baikara halako partida bat jokatu gabe. Reala oso talde ona da. Lehen postuan dago hasieratik. Etxetik kanpo ez dabil oso ondo, baina zerbaitegatik dago aurrean. Partida oso zaila izango da bientzako. Ez da faboritorik izango. Gainera, sobera ezagutzen dugu elkar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo