GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

eskalada I Azkartasuna

1.620 metro eta sei bide Rigloseko Rallyan

FEDMEk antolatutako Eskalada Rallyen zirkuituko lehen hitzorduan Mikel Ajuria eta Arkaitz Iurritak osatutako euskal sokadak irabazi zuen. Eskalatzaileok Viserako sei marra aukeratu eta igo zituzten hamabi orduko ahaleginean. Guztira, 22 taldek hartu zuten parte.

p052_f01_16346.jpg

Andoni ARABAOLAZA I

Eskalada Rallyen kultura ez dago oso hedatuta gure inguruan. Hala ere, hasia da urratsak ematen, eta aurten, adibidez, FEDMEk hiru lehia antolatu ditu. Espainiako Kopa izena hartu du, eta lehen hitzordua dagoeneko jokatu da: Rigloseko Rallya.

Lehia honek, 12 orduko eskalada saioak, iaz izan zuen lehen aldia. Euskal sokadak ondo baino hobeto aritu ziren iaz, eta, aurten ere, ez dira atzean geratu. Izan ere, Mikel Ajuriak eta Arkaitz Iurritak osatutako taldeak irabazi zuen. Guztira, 1.620 metro eta sei bide eskalatu zituzten. Guztiak ala guztiak, gainera, Viseran. 22 sokaden artean (espezialista gogorrak tartean ziren) azkarrenak izan ziren; ez dago zalantzarik lan eskerga zein bikaina egin zutela.

Ajuria iaz izan zen Rigloseko lehian, eta bigarren postua eskuratu zuen. Iurritak GARAri adierazi dioenez, lehen aldia zuen: «Gu ez gara espezialistak, espero genuen ondo ibiltzea, baina garaipenak ezustean harrapatu gaitu. Gainera, euskal sokada bakarra ginen».

Levante, Katalunia, Madril, Aragoi eta Euskal Herritik iritsi ziren 22 taldeak. Visera, Pison eta Fire zituzten aukeratzeko. Eta argi geratu zen sokada batzuk fin ibili zirela. Viserako «Mosquitos» bidea, adibidez, ordubetean igo zutenak izan ziren. Eta pareta bereko zailena, «Popeye», 2 ordu baino gutxiagoan.

Estrategiarik ez

Irabazleek, Ajuriak eta Iurritak, Visera aukeratu zuten beren eskalada saiorako: «Abiadura eta jaitsieragatik hautatu genuen Visera. Pison, adibidez, rappelatu behar duzu, eta horregatik baztertu genuen. Puntuaketari begira, Viseran zeuden puntu gehien jasotzen zituzten marrak. Denbora zein segurtasunaren alde egin genuen. Agian, bukatzeko Piseneko bat egitea ez legoke gaizki. Aldez aurretik bide batzuk aukeratu genituen, baina ez genuen inolako estrategiarik antolatu. Bat igo eta hurrengoa libre bazegoen sartzen ginen. `Popeye' zen hautatutako bigarren bidea, baina hartuta zegoen».

Euskal taldeak eskalatutako sei bideak honakoak izan ziren: «Naturaleza Salvaje», «Super Crac», «Directa Visera», «Fiesta del Biceps», «Zulu Demente» eta «Chinatown». Guztira, 1.620 metro ziztu bizian: «Arauetariko bat da ezin dela ensemble-n eskalatu. 60 metroko soka eraman genuen, eta bilera batetik bestera azkar jardun genuen. Aitortu behar dugu ezustekoa izan zela sei bide horiek igo izana. Guk bost eskalatzea aurreikusi genuen. Mikelek eta biok asko eskalatu dugu elkarrekin, baina Rigloseko lehia hau ez genuen prestatu. Mikelek bazuen eskarmenturik; nik, aldiz, ez. Asko flipatu dut. Gogorrena berez ez da eskalada izan; bai, ordea, jaitsierak. Korrika jaisten ginen! Hanketatik leher eginda bukatu genuen».

Garaipen honek zirikatu ditu irabazleak. Hala ere, Iurritak aurreratu digu ez direla hurrengo bi probetara joango: «Riglos etxe ondoan dugu. Terradets-era ez gara joango. Ez gaitu erakartzen, eta, gainera, nik behatz batean min dut. Eta Ifach-era ere ziur aski ez gara joango».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo