GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Abortua Nafarroan

Ezaguna da Nafarroako Foru Erkidegoa beste mundu bat balitz bezalakoa dela hainbat kontutan; esaterako, hango euskaldunongan edo euskaldundu nahian dabiltzanengan pentsatzen dugunean, eta hain zuzen euskaldun egiten gaituen hizkuntzaren bertako egoeran, izaerari eustea eta zabaltzea zein latz duten izan ohi da gure lehen gogoeta. Trabak eta erasoak etengabeak direlako, Nafarroa ezeuskalduntzeko eta deseuskalduntzeko boteredunen borondate irmoaren isla, borondate nekaezin eta etengabea.

Hori du ezaugarri, hain justu, Nafarroako Gobernuak (UPN eta adiskideek), ez dela nekatzen, entzungor eginez aurrera egiten duela berearekin, masa homogeneo, uniforme eta zapala gobernatuko balu lez. Nafarroako lurralde eta pertsona guztiak gobernu hori eratzen duten pertsonen ideia eta sentimenduen arabera biziko balira bezala. Euskararekiko aipatu jarreraren antzera, hainbat adibide jar liteke horren adierazgarri, baina bat jo baldin badaiteke erakusgarritzat, hori abortua da.

1985eko Abortuaren Legea ia existitu ez balitz bezala igaro da handik. 80ko hamarkadan legeari jarraiki egin ziren gutxien ondorioz, kristoren jazarpena jasan behar izan zuten sendagileek, eta hori gutxi balitz, salaketa eta epaiketa ere bai. Hau guztia ekarri dute gogora, besteak beste, joan den astean kaleraturiko gutun batean hamaika sendagilek, Nafarroako osasun zerbitzu publikoetako langile «guztiak» kontzientzia eragozleak direla gezurra dela azpimarratuta. Hori izan baitu aitzakia eta argumentu nagusi Nafarroako Gobernuak 1985etik hona, milaka emakume haurdunaldia etetera beren lurraldetik kanpora bultzatuta, eta orain ere horri eusteko asmoz dabil.

Izan ere, Haurdunaldiaren Borondatezko Etenaren eta Sexu eta Ugalketa Osasunaren Lege Organikoaren aurrean ez dira geratuko, ez horixe. Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran lege berria martxan jartzeko eskatzen dutela, gehiengoa izanda, eurei bost. Beraiek berdin-berdin jarriko diote helegitea legeari, eskumenak «urratzen» dizkielakoan. Emakumeon eskubideak zer dira, bada, gobernu honentzat; ez dira babestu azken 25 urteotan, ez dituzte nahi babestu hurrengo beste hainbestetan. Eskumenak, kontzientzia eragozleak eta asma ditzaketen lege kutsuko argumentu ororen gainetik, Nafarroan haurdunaldia eten ezin izaten segitzea baitute helburu, ez besterik.

Badakite ez dutela lortuko, hala ere, badakite gizartearen gehiengoak -nafarrak barne- txalotzen eta babesten duen halako aldaketa baten aurrean, gertatu egin dena, ez dutela aukerarik, ez duela zentzurik egoskorkeriak. Baina, hain zuzen, baliatu egiten ari dira datozen hauteskundeei begira, betiko hautesle horiek galdu gabe are fidelagoak izan daitezen, PP bezalako alderdien adiskidetasunera hurbilduta. Euren eredua eta morala salbu, Nafarroan erreinatzen jarrai dezan.

Emakumeen eskubideen aldeko aurrerapauso hau, ordea, emanda dago, eta antzerkiak eta «bizitzaren aldeko ideologia» erakusketak igaro ostean, Nafarroakoek ere babestuta izan beharko dituzte. Ez da-eta inoren mundu partikularra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo