GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA | euskaraz bizi eguna

Herri euskaldunen erakusleiho bihurtu zuen EHEk Etxarri Aranatz

Eguraldiak lagundu ez arren, aurten 30 urte bete dituen EHEk antolatutako lehenengo Euskaraz Bizi Egunak milaka euskaltzale bildu zituen atzo Etxarri Aranatzen. Kale animazioaz, azokaz, haurrentzako jolasez eta erromeriaz gozatzeko parada izan zuten euskararen aldeko hautu pertsonal zein kolektiboa egin zutenek.

p015_f01_199x104.jpg

Zuriñe ETXEBERRIA I

«30 urtetan euskararen alde/ gaur Etxarri bihurtu da euskararen aldare/ euskara da hizkuntza, euskara ondare/ lanean jarraitzeko adoretsu gaude», kantatu zuen bertsotan Eneko Lazkoz bertsolari etxarriarrak ekitaldi nagusian.

«Euskal Herrian Euskaraz bizi! Euskal Herri euskalduna eraiki!» lelopean Etxarri Aranatzen lehen harria jarri zuen Euskaraz Bizi Eguna deskribatu zuen bertsolariak hitzekin jolasean egin zituen bizpahiru bertsoekin.

Horrelako egunen beharraz galdetuz gero, jaia eta borroka uztartzen dituen egun honen bitartez, euskaraz bizi den eta maila guztietan bizi nahi duen herri bat badela aldarrikatu nahi izan zuten atzo milaka euskaltzalek. Horregatik, aukeratu zuten Etxarri Aranatz eta Sakana eskualdea, «euskaraz bizitzeko grina duen eremu euskalduna delako, eta etorkizuneko herri euskaldunaren erakusleiho izatea nahi dugulako», azaldu zuen EHEko kide Anaitz Igoak.

Jarraian, EHEko atzoko eta gaurko kide diren Karmele Aierbe, Gabi Basañez eta Igone Lamarain igo ziren oholtzara. Lehen biek beren esperientzia helarazi eta EHEk aurrera begira egindako proposamenei babesa eskaintzeaz gain, eskerrak eman zizkieten eragile euskaltzaleari eta berau bultzatu eta bultzatzen duten ekintzaileei egindako lanarengatik.

Aierbek UEMAren sorreran EHEk egin zuen lana nabarmendu zuen eta Basañezek, berriz, Kontseiluaren sorreran egindakoa. Igone Lamarainek, batez ere euskaltzaleok euskararen alde egotetik euskararen alde egitera eman beharreko pausoan eta egin beharreko hautu pertsonal eta kolektiboan kokatu zuen aurrera begirakoaren muina.

Goizeko hamarretan txupinazoak jaialdiari hasiera eman ostean, herriko elkarteek Auzatea (odolkia eta ardoa) eskaini zieten bertaratutako guztiei, trikitilariek giroa berotzen zuten bitartean. Gero, jende mordoa batu zuen herri kirolen eskualdeko herri kiroletako eskolak antolatutako ikuskizunak. Artisauen azokak, erakusketak, umeentzako tailerrak eta talogileek zirimiriak goibeldu nahi zuen plazari kolorea eman zioten. Egunak aurrera egin ahala, joaldunek manifestazioa iristear zela iragarri zuten.

Herriko plazako kioskotik abiatu zen Etxarri Aranatzeko karrikak milaka euskaltzaleren garrasiekin jantzi zituen manifestaldia. «Euskararik gabe, Euskal Herririk ez» eta «euskaraz bizi, izan euskaldun» izan ziren gehien oihukatu zituzten leloak. Hamaika aterkiren babesean eta ekitaldi nagusia iragartzen zuen txalapartaren doinuak lagunduta, heldu zen martxa helmugara.

Egitasmo berria

2004. urteaz geroztik EHEk antolatzen zuen Hizkuntza Eskubideen Egunari lekukoa hartu dio Euskaraz Bizi Eguna egitasmo berriak. Orain sei urte ospatu zen lehendabiziko aldiz, Lesakan, Hizkuntza Eskubideen Eguna. Haren atzetik etorri ziren Oiartzun, Santurtzi, Azpeitia, Atarrabia eta Ondarroakoak. Jaia eta borroka uztartzen zituzten egun horien bidez, euskaraz bizi den herria irudikatu eta herri euskaldunaren aurkako jazarpenari aurre egitea zuen helburu eragile euskaltzaleak.

Balorazio positiboa

Atzokoan, lehenik eta behin, eguraldiak aldarrikapena eta jaia uztartu dituen jaiari lagundu baino kalte egin diola kontuan hartuta, «balorazio positiboa» egin zuten eta hala adierazi zion GARAri Aitor Kaltzakortak EHEren izenean. Euskaraz Bizi Eguna, ordea, ez da egun bakarra. Izan ere, aurreko asteetan hainbat herri eta auzotan egin diren bilkura eta ekimenak ere aipatu beharra dagoela adierazi zuen EHEko kideak.

Euskaraz bizitzeko hautua egin duten milaka euskaltzale batu ziren Sakanako herri honetan. Hasieran, eguraldi kaskarra medio, eguna «motel samar» hasi bazen ere, orduek aurrera egin ahala, indarra hartuz joan zen. Manifestazioa herriko plazara heldu zenerako milaka pertsona batu ziren.

Primeran bazkaldu zuten frontoiko herri bazkarira gerturatu ziren 500dik gora lagunek. Bazkalostean haurren txanda iritsi zen eta pailazoek irudimenez eta kolore anitzez jantzitako emanaldi bikaina eskaini zuten. Euri-tantak tarteko, ekin zioten Aiko taldekoek erromeria eta dantzaldiari. Giro ezin hobea izan zen Gaztetxeko Egurre eta Orkestra Marxistaren kontzertuetan ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo