GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora I Urrezko lehiaketa

Irazabalek lehen lanean erabaki zuen neurketa

p040_f02_16132.jpg

Jon LEUNDA I

Urrezko Aizkoran ez da ezusterik izan, eta Irazabalek eta Eneko Saralegik irabazi egin dituzte beren probak. Lehenengoa hurrengo kanporaketan izango da, eta bigarrena, berriz, bere mailan lehenengo dago jokatu dituen hiru probak irabazita, eta jadanik ekainean Azpeitian jokatuko den finalean hanka bat sartua dauka.

23 urtetik beherakoetan Vazquez eta Irazabal neurtu ziren Estibalitzen herenegun eguerdian, eta jendetza bildu zen norgehiagoka ikustera, bai beraiena, bai eta 18 urtetik beherakoena ere, bi mailak leku berean jokatu baitziren.

Vazquez lehen kanporaketan Jokin Alkizalete menderatuta zetorren, eta Irazabalentzat, berriz, lehen saioa zen. Azken hau, ordea, maila nagusiko ezusteetako bat izan da. Biak, bai Vazquez bai Irazabal onenen mailan ere aritu dira, baina emaitza ezberdinekin, izan ere, bizkaitarra lehiaketako ezusteetako bat izan da, bi kanporaketa gaindituta eta hirugarrengoan doi-doi kalera joanda.

Beraz, bera zen irabazteko faboritoa, baina garaipena erdiesteko uste baino lan gehiago egin behar izan zuen. Hasteko, erlojuz kontra aritu ziren 45 ontzako enborrarekin, eta hori aise bereganatu zuen. Minutu bat eta 30 segundotan burutu zuen lana eta nafarrak, berriz, minutu bat eta 58 segundo behar izan zituen.

Bigarren eta azkeneko lanean, hiru kana-erdiko erdibitu behar izan zituzten, eta hor Vazquezek irabazi zuen, baina Irazabalek lehen lanean lortutako abantaila nahikoa izan zuen aurrera egiteko. Lanak 7 minutu eta 4 segundotan burutu zituen nafarrak, eta 7 minutu eta 10 segundotan, berriz, bizkaitarrak. Lan guztiak, berriz, 8 minutu eta 40 segundotan amaitu zituen Irazabalek, eta 9 minutu eta 2 segundotan Vazquezek. Beraz, Irazabal izango da hurrengo kanporaketan.

Gazteenak

18 urtez azpikoetan ere ez zen izan ezusterik. Hirugarren jardunaldia zen, eta lehen aldiz lehian arituko diren bost aizkolariak elkarren aurka neurtu ziren. Ligaxka moduan lehiatu ziren, enbor bat moztera denak denen aurka, eta oraingoan ere Eneko Saralegik ez zuen hutsik egin.

Leitzarra da txapela janzteko faborito nagusia, eta oraingoz beste lauren gainetik dagoela erakutsi zuen. Jokatutako lau neurketak irabazi egin zituen, eta bost puntu batu zituen.

Bigarren sailkatu zen Kortxero, Saralegirekin galdu, eta gainerako hiru saioak irabazita. Hirugarren sailkatu zen Lopez. Honek bi neurketa galdu zituen, bata Saralegirekin eta bestea Kortxerorekin, baina Lopez eta Otaño mendean hartzeko modua egin zuen.

Laugarren sailkatu zen Usia, honek aurreko hirurekin galdu egin zuen, baina Eneko Otaño menderatu egin zuen. Azkena Otaño bera sailkatu zen. Beizamakoak jokatutako saio guztiak galdu egin zituen. Sailkapen nagusian ere Eneko Saralegi dago lehen postuan, eta alde nabarmenarekin, gainera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo