GARA > Idatzia > Euskal Herria

Abortuaren eta kontzientzia eragozleen gainean hitz egin dezan eskatu diote Kutz-i

PSNk abortuaren eta kontzientzia eragozleen gainean hitz egiteko eskatu dio Osasun kontseilari Maria Kutz-i, iragan astean egindako adierazpenak medio. Kutzen hitzetan, «Nafarroako osasun publikoan ez da aborturik egiten, medikuak kontzientzia eragozleak direlako».

p018_f02_199x116.jpg

GARA |

Nafarroako Gobernuak gaur aztertuko du Osasun kontseilari Maria Kutz-ek abortuaren eta kontzientzia eragozleen gainean hitz egin dezan egin dioten gonbita onartzen duen ala ez.

Apirilaren 28an, hamaika bat ginekologok Nafarroako bi hedabidetan kaleratutako iritzi artikulu batean azaldu zutenez, Estatu espainolak ezarritako Abortuaren Lege berria aplikatzeko «arazorik ez» dute.

Are gehiago, kaleratutako iritzi artikulu horretan Nafarroako mediku guztiak kontzientzia eragozleak ez direla argitu nahi izan zuten. Adierazpen horiei erantzunez, Maria Kutz kontseilariak, ordea, honakoa esan zuen: «Nafarroako osasun publikoan medikuek ez du aborturik egin nahi, kontzientzia eragozleak direlako».

Hain zuzen ere, gaur aztertuko dituzten tramiteek aurrera eginez gero, Osasun kontseilariak azalpenak eman beharko ditu, aurreko astean kontzientzia eragozleen eta haurdunaldiaren borondatezko etetearen gainean egin zituen adierazpenengatik.

Nafarroako Parlamentuan eztabaidatuko duten eskaera hori PSNk egin zuen eta osoko bilkura berean, NaBai taldeak ere Miguel Sanzi zuzendutako beste ekimen bat aurkeztuko du.

NaBai taldeak Haurdunaldiaren Borondatezko Etenaren eta Sexu eta Ugalketa Osasunaren Lege Organikoaren inguruan galde egingo dio Miguel Sanz presidenteari. Zehazki, Gobernuko presidenteari aipatutako legeari Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkeztearen inguruan informatzeko eskatuko diote.

Etenaldia bermatzea

Orain dela bi aste, apirilaren 22an, NaBaik eta IUNk Osasunaren Legea aldatzeko babesa eman zioten PSNri, herrialdean haurdunaldiaren borondatezko etetea «bermatzeko» helburuarekin.

Nafarroako Gobernuko presidenteak PSNk proposamena egiteko eskubide osoa duela onartu zuen. Alta, «eta era berean, Nafarroako Gobernuak ere Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkezteko eskubide bera du», adierazi zuen Sanz presidenteak. Gainera, Estatu espainoleko Abortuaren Legeak «argiki eskumenak zapaltzen» dituela salatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo