Azpijoko eta amodio amaraunean, 3.000 ataletara iritsi dira Arralden
«Goenkale»k aurki hamasei urte beteko ditu 1994. urtean jaio zenetik. Ostiralean 3.000. atala grabatu zuten, baina zenbakiak zenbaki, beste hainbeste betetzeko asmoa dutela erakutsi zuten. Atala datorren uztailaren 5ean ikusi ahal izango da telebistaz, eta egun hori heldu bitartean, hainbat ekintza antolatu dituzte. Besteak beste, ekainaren 29an EiTBren Bilboko egoitzan festa handi bat izango da, atal bereziaren aurrestrenaldia ospatzeko.
Oihane LARRETXEA |
Hamaika kamera eta kazetari bertaratu ziren ostiralean «Goenkale» telesailaren 3.000. atalaren grabaketa ikusteko. Zenbaki borobila zela-eta, giro berezia sumatzen zen, beste ohiko egunen aldean ezberdina. Argazki kamerek «klisk» eta «klask» egiten zuten bitartean, antzezleek gogo handiz erantzun zituzten kazetarien galderak, baita ikusleenak ere, Twitter eta Facebook bidez. Sare sozial hauei esker, telesaileko pertsonaiak Arraldeko egunerokotasunaren gora-beherak, berezitasunak eta sekretuak kontatzen aritu ziren.
Olatz Beobidek, «Goenkale»ko zuzendariak azaldu zuen legez, ateak zabaltzearen arrazoia ikusleen fideltasuna «saritzeko» modu bidezkoena zela pentsatu zuten: «Urteurrena ospatzeko era askotako ekitaldiak bururatu zitzaizkigun, baina azkenean konturatu ginen onena zela ikusleriari geure etxeko ateak zabaltzea, besteak beste, telesaila nola egiten den ikus dezaten».
Ekintzak eta festa handi bat
Datorren uztailaren 5ean ikusi ahal izango da 3.000. atal hori telebistaz, baina urteurrena heldu bitartean, Beobidek aurreratu zuenez, ekintza ugari abiaraziko dituzte webgunearen bidez, lehiaketak eta zozketak, esaterako: «Lehiaketan erantzuna asmatzen dutenen artean, gonbidapenak zozketatuko ditugu, ekainaren 29an EiTBren Bilboko egoitzan ospatuko den 3.000. atalaren aurre-estreinaldira joateko».
Webgune berria ere zabaldu du «Goenkale»k. Bertan, telesailaren lehenengo atala zintzilikatzeaz gain, Beobidek zehaztu zuenez, astelehen eta astearteko atalak zuzenean streaming bidez ikusi ahal izango dira.
Urteurrena izan arren, Kandido eta Alizia pertsonaiak besteak beste, lan eta lan ibili ziren eszenak grabatzen. Isiltasun osoa eskatu ostean, «4, 3, 2...» atzerako kontaketa egin, eta bakoitzak zegokion papera hartu zuen berehala.
Itziar Ituño -ikusleentzat Nekane- ordea, kameratik at ibili zen: «Ez dakit zertan dagoen Guinness errekorra, baina bete nahi dugu. Jendeak leialtasunez jarraitzen gaitu, beraz `Goenkale' bezalako telesail batean aritzea izugarria da».
Maria Cruickshankek Itxasoren pertsonaia egiten du. Orain dela bi urte heldu zen Arraldera, baina oraindik ez da erabat jabetu jendeak kalean ikustean ezagutzen duela: «Begira gelditzen direnean pentsatu ohi dut zeri erreparatzen ote dioten, eta ondoren ohartzen naiz haiek Itxaso ikusten dutela».
Kamera artean ibili, eta sumatzen zen lan taldearen arteko harremana aparta dela. «Oso giro ederra dugu hemen. Geure artean ezberdinak garen arren, oso ondo moldatzen gara. Urteak dira elkarlanean ari garela, eta azkenean familia handi bat osatu dugu», adierazi zuen Ituñok.
«Goenkale»ko pertsonaien arropa eta osagarriak hautatzeaz arduratzen da Amaya Samper donostiarra Fuencis kidearen laguntzaz. Kameren beste aldean egon arren, ondo bete beharreko ardura da beraiena. 3.000. atalaren grabaketa gertutik jarraitu zuen Samperrek; ehunka galtza, soineko, jertse eta oinetakoz betetako gela batetik. «Dirudiena baino arropa gutxiago dago hemen», aitortu zuen. «Pertsonaia bakoitzak arropa kopuru jakin bat dauka -erantsi zuen- eta noizean behin, errepikatu egiten dute, besteok kalean egiten dugun bezala».
Jantziak gela horretara ekarri aurretik, aukeraketa zehatza egin behar izaten du Amayak: «Pertsonaia bakoitzari telesailean izango dituen ezaugarriak hartzen dizkiot kontuan, eta horren arabera, arropa bat edo beste hautatzen diogu. Jantziak ez ditugu kasualitatez aukeratzen».
Arropak fikziorako izan arren, gerta liteke, batzuetan, pertsonaia batek gorroto izatea, esaterako, gonak janztea: «Horrelakoetan saiatzen gara pertsona horrek gonak eraman ditzala ekiditen; eroso sentitzea delako garrantzitsuena», ondorioztatu zuen Samperrek. O.L.