GARA > Idatzia > Kultura

Artisautza sustatzeko proiektu berriak sortu nahi ditu Ereintzak

32. Euskal Herriko Eskulangintza Azoka izan zen asteburuan Errenterian, eta, Ereintza elkarteko kideek adierazi zutenez, hagitz ongi joan zen. Sei mila bisitari inguru zenbatu zituzten eta kontent zeuden horiek artisauen lanarekiko erakutsi zuten interesagatik. Hamasei eskulangile lehenbiziko aldiz etorri ziren eta bertan inoiz erakutsi gabeko produktuak ere ekarri zituzten. Etengabe hobetzen segitzeko, ekimen konplexuagoak sortzeko asmoa agertu zuten.

p056_f01_203x132.jpg

Maider IANTZI |

Ostiralean hasi eta atzo arte 32. Euskal Herriko Eskulangintza Azoka egin zuten Errenterian, eta produktu esklusiboak ikusteaz eta erosteaz gain, artisauek nola lan egiten duten bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten bisitariek. Zurezko koadernoak, metalizatutako hostoak, xaboi eta olio naturalak, txotxongiloak, arropa margotua, beirazko bitxiak, miniaturazko harriak... Aukera zabala egon zen Merkatuzar Kultur Gunean.

Jone Idiazabal Ereintzako kideak azaldu zigunez, dohain sartu ziren 15 urtetik beherako neska-mutikoak eta elkarteko bazkideak alde batera utzita, 6.000 lagun inguru zenbatu zituzten. Idiazabalen arabera, hauek ez ziren bertzerik gabe ikustera eta denbora-pasa soilik etorri, denbora hartu zuten eskulangileak ezagutzeko eta euren trebetasunarekin txunditzeko. «Artisauek asko estimatzen dute jendeak interesa agertzea eta galderak egitea, eta gustura ematen dituzte azalpenak. Hasieratik eskatu diegu hemen lan egin dezaten eta bisitariek urtero ikusi dituztenez, nabari da heziketa badela. Publikoak baloratzen du euren lana, galderak egiten ditu, gustuko du», adierazi zuen antolatzaileak.

Eskulangileek saldu ere egin zutela eta euren arteko harremanak sendotu zituztela jakinarazi zigun. Aurtengo azokan 50 artisauk hartu dute parte, horietatik hamaseik lehenengo aldiz. Pertsonak bakarrik ez, produktuak ere aldatzen joaten dira eta edizio honetan izan da berrikuntzarik. Adibidez, Angeluko Jean-Luc Tauziedek biolinentzat, biolontxeloentzat eta kontrabaxuentzat arku bereziak nola egiten dituen erakutsi zuen. Bere bezeroen artean mundu osoko orkestra eta musikari ospetsuak daude, eta Gobernu frantsesak Artisau Tradizionalaren zigilua emana dio asmatu duen sistema berriarengatik. Agertu zigunez, arkuak bigunegiak zirela ikusita, ideia bat bururatu zitzaion: hiru zatitan ebakitzea eta tartean bi karbono plaka berezi sartzea. Ingeniari batekin lan eginez karbonoak lodiera egokia eta musikarako kalitate ona izan zezan lortu zuen.

Ipar Euskal Herriko bertze lagun batek ere, Caroline Tauziedek, bertan inoiz egon gabeko produktuak ekarri zituen. Luma estilografikoak, boligrafoak eta portaminak ziren, kalitate handiko zur nobleekin eginak.

Ereintza beti ari da hobetu nahian eta artisautzaren premia berriei begira, azoka baino proiektu konplexuagoak sortu nahi ditu. Horretarako, Gabiltza eta Lur Kolektiboa artisau elkarteekin lankidetzan hasi da, Aldundiarekin eta Udalarekin ere harremanetan dago, eta denak zerbait egiteko eta mintzatzen hasteko prest daude.

Azoka urtean behin izaten da eta hori baino ekimen iraunkorrago bat bultzatu nahiko lukete, urtean zer edo zer egiteko beharra ikusten dutelako. «Erakusketak, salmenta toki bat, ikastaroak... Ikastaroak eginez, geroko artisauak sortu eta heziko genituzke».

«Orain denak dira teknologia berriak eta artisautza `baserritarrentzat' dela pentsatzen da. Bada, ez! Artisauek ere berritu behar dute, eta egiten dute, lehengoa ahaztu gabe, ordea, eskuekin lan egiteari utzi gabe», ohartarazi zuen Idiazabalek. Hainbat eta hainbat orduz landutako kalitatezko produktuak eskaintzen dituzte, bakarrak eta pertsonalak.

Azokaren hasiera gogora ekarriz, Jonek aipatu zigun eskulangileentzat gauza ezezaguna zela eta ez zela erraza izan baserritik ateratzea. Gero, antolakuntza ikusita, eta zenbat pertsona etortzen ziren, animatzen joan ziren. «Errenterian oso ondo!», etortzen zirenek publizitatea egiten zuten. Artisautza bizitzaren martxan aldatu dela pentsatzen du Ereintzako kideak eta ez zaio iruditzen jaitsi denik. «Gazteek jarraitu egiten dute gauza ezberdinak eginez».

Uste berekoa da stand onenaren saria jaso zuen Idoia Larrañaga. Ezaguna du azoka hau, lauzpabost aldiz egona baita, eta gero eta ederragoa dela deritzo. «Lehen gauza tradizionalagoak zeuden, eta orain gehiago zaintzen da dekorazioa».

Hainbat jendek agurtzen eta zoriontzen zuen bitartean, Arte Ederrak ikasi eta gero bere kasa kaligrafia lantzen hasi zela kontatu zigun Pasai San Pedrokoak. Benetan ikusgarria zen bere postua. Hormetan behera zintzilikarioak erortzen ziren eta «Printze txikia» ipuineko pasarte batzuk zeuden idatzita. Mahaian, berriz, orri markatzaileak zeuden jarrita, diseinu eguneratuak zituzten kutxatila zaharrak, arkatzak gordetzeko potoak... denak idazkerarekin, liburuekin eta paperarekin lotuta. «Ba al duzue Irati izenekorik? Berdea polita da, edo beltza agian gehiago gustatuko zaio ilargi horrekin?», galdetzen zuen emakume batek orri markatzaileei begira. Hamar minutu eskatu zizkion Idoiak eta luma tintaz kargatu eta paperean «Irati» idazten hasi zen letra bereziz. «Baduzu bi pisuko egurrezko kutxatilarik? Lehengo horiek, alde batera eta bestera irekitzen zirenak...», erran dio bertze lagun batek. «Bai, badakit zeintzuk diren, aurki iritsiko zaizkit eta lantzen hasiko naiz. Bretxan egoten naiz, Ordizian ere bai, tori telefonoa...».

Zalantzarik gabe, azokak jendea ezagutzeko leku aproposak dira. Aresoko Ramonentzat, diru iturri handiena ere bai. Hogei urte daramatza larruarekin lanean eta hamalau horretatik bizitzen. «Urrats hori nahiko naturala izan zen -kontatu zigun-. Lan bat bukatu zitzaidan eta tailer bat sortu genuen Leitzan. Orain, Aresoko baserrian dut txoko bat. Honetan aritzeko abilezia behar da, baina zailena honetatik bizitzea lortzea da. Erosi, landu, saldu, enpresa oso bat zara, eta batzuetan zaila izaten da». Ohartarazpen bat egin nahi izan zuen: «Orain, krisiarekin, kalitate txikiko produktu batzuk artisau lan gisa saldu nahian ari dira, baina benetan ez dira hala. Erosleek adi egon behar dute, artisau hitza hagitz erraz erabiltzen baita».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo