Bilboko «Welcome to Palestine» erakusketak palestinar herriaren pairamenaz ohartarazi nahi gaitu
Pilota kaleko La Bolsa aretoak jasoko du 18 panelez osatua dagoen erakusketa, gaur hasi eta maitzaren 15era arte. Gainera, maiatzaren 13an «Nakba» izeneko hitzaldia izango da bertan.
A. BILBAO |
La Bolsan paratu erakusketak gaur ireki ditu ateak. 18 panelez osatuta dago, eta horietan argazkiak, mapak, testu laburrak eta Palestinar poeten lanak daude.
Erakusketaren bitartez, 1948tik okupazio militarrari eutsi eta bizitza duin bat izaten saiatzen den herri baten errealitatea ezagutarazi nahi zaio bisitariari. «Herri palestinarra suntsitzen saiatu den 60 urteko okupazioak ez baitu autodeterminazioaren eta onarpenaren alde borrokatzen den herri baten harrotasuna isildu, nahiz eta nazioarteko erakunde eta gobernuek beste aldera begiratu», Bakea eta Duintasuna eta Biladi antolatzaileen esanetan.
Lankidetza
Bakea eta Duintasuna garapenerako lankidetza, elkartasun eta giza eskubideen esparruan lan egiten duen elkartea dugu, 1995ean sortua, «nazioarteko harreman justu eta solidariagoak eraikitzeko asmoz gizartearen sentsibilizazioan eragina izan nahi duena, mundu mailan garapen berdintsuagoa lortzeko».
Biladi Palestinar Kultura Elkartea da, «herri palestinarra eta euskaldunen arteko harreman kulturalak sustatzea helburu duena». `Biladi' hitz arabiarra da, `nire lurra' esan nahi duena: «Lurralde okupatuetan bizi diren 8 milioi palestinarrena».