Beldurrezko irriak sorraraziko nahi ditu «Psicosis» ikuskizunak bilbotarrongan
Anartz BILBAO | BILBO
Circo de los Horrores taldeak beldurrezko filmetako pertsonaia nagusiak elkartu ditu «Psicosis» ikuskizunean. Antzerkia, kabareta eta zirkua uztartzen dituen lanak sekulako arrakasta dakar atzean, eta irria sortzea du helburu, ikus-entzuleak ikaratzea baino gehiago. Suso Silva (Ourense, 1962) clown-ak gidatu Circo de los Horrores taldea Bilbon da, gaur hasi eta maiatzaren 16ra arte sekulako arrakasta lortzen ari den lan hau emateko, Arteria Campos Eliseos antzokian.
Silvaren esanetan, antzerki, kabaret eta zirkuaren arteko uztarketa bat da «Psicosis». «Antzerkia, istorio bat kontatzen duelako gidoi baten bitartez, kabareta gauez gertatzen delako -banpiro striptease eta guzti-, eta zirkua, azken batean zirkuko antzezleak direlako bertan parte hartzen duten guztiak». Gainera, ikuskizunaren zuzendariak aitortu zigunez, ikus-entzuleak parte-hartzaile bihurtzen ditu lanak, modu basatian. «Publikoa nahasmen ugaritan sartzen dugu, betiere umorez».
Umorea eta barrea dira, izua baino gehiago, «Psicosis» lanaren funtsa -«gurera ez etorri, gero, odol eta `gore' ikuskizunen bila» ohartarazi gintuen Silvak-. Alta, eszenaratze fina dakar lanak -itxuraldatze eta apaintze lanetan bizpahiru ordu ematen dute antzezleek-, beldurrezko zinemak eta literaturak eman dituen pertsonaiarik entzutetsuenak ardatz hartuta: Nosferatu, «Exorzista» filmeko neskatoa, Jack «errai-ateratzailea»...
Antzezlanak zirkuan du jatorria, Silva clown-a baita izatez. «Urte askotan zehar zirkuan lan egin dut, eta ohartzen nintzen familiarteko giroa zegoen arren -guraso eta haurrak hurbiltzen dira gurera-, nik gustukoen nuen publikoa falta zitzaigula, 18-30 urte inguruko gazteena». Eta adin tarte hori erakarri nahian sortu zuten «Psicosis», zirkua duintasunez landu eta zaharberritzeko, beste era batean Cirque du Soleilek egiten duen bezala.
«Beldurra ez da inoiz horren dibertigarria izan». Hori ei da «Psicosis» ikusi dutenek antzezlanari egin dioten kritikarik onena, Silvaren esanetan. Gainera, «hamar urte inguruko neska-mutikoentzat ere aproposa» dela uste du galiziarrak, eta horregatik saio «lasaiagoa» prestatu dute igande arratsalderako -maiatzak 9 eta 16an, 17.30ean gaztetxoentzako emanaldi berezia-.
Atzo Bizkaiko hiriburuan ikuskizuna aurkezteko egin agerraldian, 2003an Zirkuko Sari Nazionala -espainiarra- eskuratu zuen Silvak bere lagunak aurkeztu zizkigun, xiringa, aizkora, motoserra eta besterekin hornitutako basapizti zein hildako bizidunak. Eta argazkian ikus daitekeenez, antzokiko ateak ireki ostean kalera jo zuten izaki beldurgarriek, Bilbon zebiltzan gidari eta ibiltarien artean izua eta harridura zabalduz.
Bilbora heldu aurretik arrakasta ikaragarria bildu du Iruñean ere izana den lanak. Ameriketara joatekoak dira gero, eta udazkenean Donostian zein Gasteizen «Psicosis» lana ematea aurreikusten dute.