GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hernani, Usurbil eta Oiartzunek Gipuzkoatik «isolatzeko irrika» dutela uste du Hamaikabatek

GARA | HERNANI

Hernani, Usurbil eta Oiartzungo udaletan Hamaikabateko bozeramaile Iñaki Arratibelek, Luis Mari Ormaetxeak eta Xanet Arozenak, Sanmarko mankomunitatean «hiri hondakinen inguruan gertatzen ari denari buruzko» euren jarrera agertu zuten atzo Hernanin.

Argi utzi nahi izan zuten Hamaikabatek «iraunkortasunaren aldeko apustua» egiten duela; Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Integralaren oinarrian printzipio hori bera dagoela nabarmendu zuten. Luis Mari Ormaetxeak baina, Usurbilgo Udalaren aurka jotzeko aprobetxatu zuen aukera, eta «udal gobernuaren desinformazioa» salatu zuen. Ormaetxearen arabera «oraindik 2009ko hondakinen bilketaren emaitzak eta atez ateko sistemaren emaitza ekonomikoak ez dira aurkeztu». Gainera, bere ustetan «datu kezkagarria» da atez atekoa hasi zenetik zabor kopurua %40 gutxitu izana. Bizilagunek zaborrak beste herrietara eramaten dituztela adierazi zuen Ormaetxeak murrizketa hori arrazoitzeko.

Hiru udal gobernu horiek Azpeitiko Lapatxeko kudeaketa kritikatu izan dutela-eta, Ormaetxeak hondakin organikoak Ipar Euskal Herrira eramatea ez zuen ontzat eman. Horrek atez atekoa «zaborrak biltzeko sistema» dela erakusten duela uste du Ormaetxeak, eta ez «konponbide integrala».

Xanet Arozenak, bestalde, Hernani, Oiartzun eta Usurbilgo udalek Sanmarko mankomunitateari utziak zioten hainbat eskumen berreskuratzeko Garbitania Zero Zabor S.L. sortu izana kritikatu zuen. Honakoa erabaki «arduragabea» dela zioten, eta «mankomunitate bereizia» egitea salatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo