GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Mundumira jaialdiak bost kontinenteetako kultura ekarriko du Antzuolara

p047_f02_88x124.jpg

A. BILBAO | BILBO

Debagoiena eskualdean ibiltari, herririk herri dabil Mundumira jaialdia, orain sei urte sortu zenetik hona. Eta aurten Antzuolara helduko da maiatzaren bukaera aldera, hilaren 29 eta 30ean.

Jaialdiak «bost kontinenteetako musika, antzerkia, gastronomia eta artisautza ezagutarazteko bidaia bat izan nahi du, eta elkartrukerako zein eztabaidarako kultura anitzeko foroak ireki».

Lau ardatzen gainean eraikitzen da «Euskal Herria» aldizkariak antolatu eta aurkezten duen jaialdia. Bata, lehen aipatu bezala, bost kontinenteetako musika eta kulturaz gozatzeko eskaintza zabaltzean datza. Kokaguneari dagokionez, gainera, kalea du protagonista -ekimenak plazetan garatuko dira, eta doan-.

Eskualdeko ondare kulturala ere ezagutzera eman nahi du jaialdiak. Horretarako naturari so egin eta mendi irteerak, BTT ibilaldiak, Euskal Herriko boulder txapelketa eta beste antolatu dituzte.

Aipatutako guztia, Euskal Herri osoko gobernuz kanpoko erakundeek garatzen dituzten egitasmoekin bat eginez burutzen da, erakunde horiei laguntza emanez.

Antzuola herri txikia denez, jaialdira bertaratu nahi duen jendetza autobusez etor dadin ahalegin handia egiten ari dira, eta Urretxu zein Bergaran aparkalekuak paratuko dira, eta bertatik aterako dira autobusak, etengabeko joan-etorrian.

Doinu saltsa

Egitaraua oparoa da, eta aipatutako atal guztiak hartuko dituenez, guk hemen musikari baino ez diogu erreparatuko. Maiatzaren 29an, larunbata, BTK Batukada brasildarrarekin hasiko da zaparrada, goizeko 11.00etan. Eguerdian berriz, Zurrategi plazako Mundumira oholtzan, Kataluniako Rumba Vella taldeak eta Antzuola bertako Klak!son taldeak girotuko dute jarduna. Arratsaldean beste horrenbeste, eta iluntzen hasten denerako, eguneko unerik beroena. 19.00etan, aipatu Mundumira oholtzan Baiao Brasil taldearen doinu beroei Gose arrasatear hirukotearen trikitronikak emango dio segida -tartean Aikadarle afrikar perkusio taldea kalejiran ibiliko da- eta gaua Ojos de Brujoren doinu mestizoek isilaraziko dute, ahal izanez gero.

Igandean bartzelonar Girasonsek esnatuko du Antzuola, Senegaleko Thimso reggae taldearekin batera. Eta arratsaldean, etxeko Tacumah Reggae Band eta Benineko Gangbe brass Band ikusgarriek itxiko dute jaialdia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo