Paueko auzitegiak ere errugabetu du Euskal Herriko Laborantza Ganbera
EHLG eta Mixel Berhokoirigoin errugabetzat jo zituen, atzo, Paueko epaitegiak. 2009an ebazpen bera eman zuen Baionakoak, baina prefetak eskatuta Fiskaltzak helegitea tartekatu ostean, otsailaren 18an berraztertu zen gaia. Bost urte iraun dituen buruhaustearen amaiera izatea espero dute elkarteko kideek. Horrela izanen da non eta, bost eguneko epean, Estatuko ordezkariak Auzitegi Gorenera jotzen ez badu.
Arantxa MANTEROLA
Pauera joandako Euskal Herriko Laborantza Ganberako (EHLG) kideak pozik ziren atzo, Paueko dei-auzitegiak elkartea eta bere presidente Mixel Berhokoirigoin absolbitu ostean. Bost urte luze iraun duen buruhaustearen amaiera izango dela espero dute eta hala gertatuko da datorren asteazkena bitartean Estatuaren ordezkariak ez badu Auzitegi Gorenera joz kasazio helegitea aurkezten.
Ebazpena iazko martxoaren 26an Baionako epaitegiak erabakitakoaren hari berberetik joan da. EHLGren jardueraz eta izenaz haren arrazoibide guztiak berresteaz gain, beste berri bat gaineratu du Paueko epaitegiak.
Izan ere, defentsaren argudioa aintzat hartuta, Konstituzioaren 2. artikuluan -Estatuko hizkuntza ofizial bakarra frantsesa dela diona- oinarritu da Ganbera ofizialarekin «nahasteko arriskurik» ez dagoela adierazteko, Ainhize-Monjoloseko egituraren izena euskara hutsez delako.
«Behingoz, Estatuaren marko juridikoa bere aurka bihurtu» dela nabarmendu zuen Mixel Berhokoirigoinek, Estatuaren ordezkaria den prefetak sustatu baitzuen prozedura judiziala eta deiturarena zen, hain zuzen, EHLGren kontra egiteko arrazoibide nagusietakoa.
Berri ona
Berhokoirigoinek gaineratu zuen EHLG «indartua» irten dela «erronka» honetatik: «Lehen epaiketarena baino desafio handiagoa zen honakoa. Erabakia berri ona da gugan sinesten zuten guztientzat, baita besteentzat ere».
Estatua kasazio helegitearen bidean ez tematzea espero du: «Lege aldetik, bederen, argumentuak aurkitzea zaila du, baina ez dakit arrazoi juridikoen gainetik beren betiko agresibitate politikoa ezarriko duten gure aurka egiteko. Bost egun itxaron beharko dugu horretarako».
Paueko ganbera ofizialarekin eta gainerako eragileekin harreman eta elkarlanerako borondatea dutela berretsi zuen EHLGko presidenteak: «Paueko Ganberak ez bezala, gure aldetik ez dugu inoiz esan ez garela honekin edo harekin lanean arituko. Denekin aritzeko prest gara. Auzitegiaren xedapenak argi utzi du ez garela legez kanpo. Espero dut, denen gustukoa ez bada ere, EHLGren errealitatea kontuan hartuko dutela orain».
Jean-Rene Etchegaray auzian parte hartu duten hiru abokatuetako baten arabera, ebazpenaren arrazoibideak sendotu egin du EHLG: «Nahasketarik ez dagoela ez ezik, EHLGren jarduerak ez direla soilik ganbera ofizialen eskumen esklusiboa ebatzi du».
Administrazioarekiko auzietako epaitegian dauden beste auzietan -hainbat udalen diru laguntzen aferak, kasu-, atzoko xedapenaren eragina lagungarri izan daitekeela gaineratu zuen, eta «elkartzeko, adierazteko eta biltzeko eskubideak» indartuak atera direla nabarmendu.
EHLGk ohar bat kaleratu zuen elkartea eta bere presidentea «zurituak» izateko itxaropena bazutela adieraziz. «Hori izan da erabakia, eta justiziaren independentzia goraipatu nahi dugu» gaineratu zuen. Sostengua eta elkartasuna ekarri diotenak eskertuta, bere «indar eta denbora laborantza herrikoi eta iraunkorrari» emateko nahia agertu zuen. «Egitura publiko berezi baten beharra» nabarmenduz, botere publikoei, «faltsukeriarik gabe, galdearen itxura aldatu gabe» eskakizunari erantzuteko eskatu zien.
Ohar korapilatsu baten bidez, prefetak nabarmendu zuen ebazpenak argi utzi duela «nekazaritza ganbera bakar bat» dela eta EHLGk ezin dituela «haren eskuduntzak eta funtzioak izan, ezta errebindikatu ere».
EHLGk, aldiz, 2009an «Prefeturarekin izan ziren negoziazioetan aitzinatutako proposamenak baliagarriak» izaten segitzen dutela esan zuen, Ipar Euskal Herrirako laborantza egitura berezi baten beharra nabarmenduz.
Berhokoirigoinen alboan Pauen izan ziren berrogei lagunak, tartean Confederation Paysanneko kideak, izan ziren beren poza azaltzen lehenak. Alta, ez ziren bakarrak izan, berehala hainbat eragile politiko eta sozialek beren erreakzioak azaleratu baitzituzten.
Hala, Gerard Onesta europar diputu ohiak, epaiketan lekuko izan zenak, «biba zuek! Garaipen honek mila ate irekiko ditu» esanez adierazi zuen bere pozaldia. Jose Bove Europe Ecologie-ko eurodiputatuak «orain EHLG bere egitekoari, hots, bertako laborantza, kalitatezkoa, ingurunearen eta ondorengo belaunaldiekiko errespetuzkoa defendatzeari, lasai eusteko moduan» dela adierazi zuen.
Batasunak ere «poz handiz» hartu zuen erabakia, eta «prefetak auzi honekin, milaka laborari eta kontsumitzailek abiatu bidea kriminalizatu» nahi zuela nabarmenduta, «eraikuntza nazionalaren bidetik, laborantza sano, iraunkor eta solidarioa defendatzera» dei egin zien herritarrei.
Ipar Euskal Herrirako berezko Laborantza Ganbera sortzearen alde ez daudenen artean ere, ebazpenak ez du kontrakotasun adierazgarririk eragin. Jean-Jacques Lasserrek eta Barthelemy Aguerre kontseilarien kasuan, esaterako. Iritziz aldatu ez badute ere, EHLG elkartearen aurka deus ez dutela adierazi dute. A.M.